Zorriak produktu kimikorik erabili barik kentzeko zentroa zabaldu dute

Itsaso Esteban 2017ko ira. 19a, 08:20

Durangoko Agirre Lehendakaria kaleko 4. zenbakiko lokalean atondu du Sheila Garcia iurretarrak zorriak tratatzeko zentroa. Atzo zabaldu zuen Pipirikez deituriko zentro berri hori. Gisa horretako lehenengoa da Durangaldean. Produktu kimiko eta toxikorik baliatu barik kentzen dituzte zorriak.

Zorriak eta bartzak aire beroagaz deshidratatu eta xurgatzen dituen makina bat dauka Sheila Garcia arduradunak Pipirikez zentroan. Makina hori baliatuta egingo du zorriak kentzeko lanik handiena, eta horren ostean, saioa amaitzeko, eskuz ere errepasoa egingo duela azaldu du Garciak.

Pipirikez zentroaren promozio orrian azaltzen denez, ordubetean kenduko dizkiete zorriak bertaratzen diren bezeroei. Iurretarrak nabarmendu duenez, saioa egin eta astebetera beste berrikuspen bat egingo die bezeroei, ilean intsekturik ez dagoela bermatzeko.

Durangoko zentroan egindako tratamendua amaitzen denean, zorriak eta bartzak berriro agertzea ekiditeko hainbat produktu eskainiko dizkie bezeroei. Te arbolagaz egindako lozioak, kasurako. Gainera, zorriak berriro agertzea prebenitzeko, bezeroek etxean har ditzaketen hainbat gomendio jasotzen dituen dekalogoa ere emango die bezeroei. Ilearen luzeraren araberako tarifak ezarri ditu eta, azaldu duenez, saio bat baino gehiago behar dutenentzat bonuak ere aterako ditu.

Naturaltasunez
Azalaren ph mailaren arabera pertsona batzuek joera handiagoa dute zorriak edukitzeko. “Arazo handia izaten da pertsona batzuentzat”, nabarmendu du Garciak, “eta isilpean bezala bizi izaten da, gainera”. Bere zentroaren irekieragaz zorrien gaia normaltasunez bizitzen laguntzea gura du Garciak. Haur Hezkuntza ikasi zuen, eskola-jantokiko eta autobuseko arduraduna izan da, eta udalekuetan begirale ere jardun da. Gertutik ikusi du ume batzuentzat zelako gogaikarriak diren zorriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!