“Dendan etxeko tratua eman dugu beti eta hori gustatzen zaio jendeari”

Aitziber Basauri 2017ko ira. 17a, 10:30

Bizimodua Iurretan egin arren, gaztetatik Durangon bizi dira Munitibarko bi ahizpa hauek, eta 40 urtetik gora dira Jabier Gaztelumendik zabaldutako ‘Gaztelu’ (1970) eta ‘Mendi’ (1974) denden aurpegia izan direla. 2010ean biak itxi zituzten, baina ‘Mendi’ri eutsi egin zioten bi ahizpek. Bi urte dira Marian jubilatu zela; orain Rosik ere utziko du.

Zuen falta sumatuko da?
Marian Onaindia: Batzuek bai, seguru! Denok dugu ohitura batera edo bestera joateko, edozer dela erosteko, eta hortik pasatzean agurtzeko, berba egiteko…  gelditzen gara. Askok pena hartuko dute.
Rosi Onaindia: ‘Orain non geldituko naiz ba!’ esan digute askok. Kafetxoa hartzera, berba pixka bat egitera etorri izan dira asko.

Atsegina da hori!
R.O.: Bai. Lanean oso pozik aritu gara. Etxekoak izan dira bezeroak, oro har.
M.O.: Baserrian arrautza asko zituela-eta arrautzak ekarri digunik izan dugu. Hartu-eman oso ona izan dugu bezeroekin beti. Inoiz esan didate: “Badator bakoitzeko dendara!” Bada, niri ez. Oso pozik gaude gure bezeroekin. Etxean probatzeko eta eramateko ere utzi  dugu beti arropa.

Bezero oso fidelak dituzue...
M.O.: Bai. Kostatik etorritako asko izan ditugu; inguruko herri txikietatik etorritakoak... Etxeko tratua eman dugu beti eta gustatzen zaio jendeari; horrek lagundu egiten die askori momentu batzuetan.

Garai batean gehiago zaintzen zen bezeroa?
M.O.: Hartu-eman zuzenagoa zen. Konfiantzazko jende asko izan dugu. Denda aurrera eramaten laguntzen dizute askotan: konfiantza ematen dute hau edo bestea esateko: gerta liteke arropa polita izan arren bezeroari ondo ez ematea. Orain tratua hotzagoa da, igual.
R.O.: Gurea lako dendetan oraindik harreman hori dugu. Lagunak dira bezero asko, gugaz hazi dira.

Orobios, Exquisita, Piedra, El Pórtico… betiko dendak ixten joan dira.
M.O.: Familia-dendak izan dira, langileak ere eduki arren, eta jubilatzen joan ahala atzetik zetozenek beste bide bat hartu dute.
R.O.: Mendi zabaldu zenean, Urzelai eta Emma zeuden arropa erosteko. Orain, piloa daude.

Asko zabaldu dira, baina itxi ere bai.
R.O.: Askotan pentsatu dugu denda batek urtebete ere ez duela iraungo. Errenta altua, langileen soldata, jenero merkea... ezin da. Internetek ere asko eragin du.
M.O.: Dena baino errazago ikusiko zuten batzuek. Ordaindu beharreko zergek zailtzen dute gehien. Pena ematen dit dendak ixten ikusteak. Kalea hutsik. Dendek, tabernek... bizia ematen diote herriari, eta urte gutxian asko desagertu egingo dira erakundeek apur bat lagundu ezean. Herrigunean errentak altuak dira, autonomo lez dena ordaindu behar da, eta soldata bat atera gura bada... Saltoki handietan dena dago eskura eta gazte asko hara doaz; zer esanik ez  interneten eraginez.

Psikologo lana ere egin duzue?
M.O.: Batzuetan errazago kontatzen zaizkio gauzak gutxi ezagutzen duzunari, norberaren ingurua horrenbeste ezagutzen ez duela-eta. Kontatzeko beharrizana izan duenik izan dugu, bai. Ordu asko dira dendan!
R.O.: Errekaduren bat egitera etorri eta bueltarako autobusa heldu arte bisitan etortzen ziren asko. Lehen, maiztasun txikiagoa zuten autobusek; edo poltsak hemen utzi eta buelta bat ematera joaten ziren.

Mendi itxita, zer etorriko da?
R.O.: Durangar batzuek erosi dute lokala. Diotenez, gozo-denda bat eta arropa-denda bat zabalduko dira. Ez dakigu!

Behin jubilatuta, zer?
R.O.:  Bizi egingo naiz! (barrez) Hala ere, horrenbeste urte eta gero... ohitu egin behar!
M.O.: Bestelako bizimodua da guztiz. Denda bat oso lotua da. Gimnasia, ibili, lobak zaindu....  etxean ez naiz geldituko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!