Bingen Elgetaren irudia, eta odol-emaileen txupinazoa sanfaustoetan

Markel Onaindia 2017ko ira. 14a, 16:52

Bingen Elgeta Areitioaurtena 22 urteko gazte durangarraren kartelak iragarriko ditu jaiak, eta Mugarra odol-emaileen elkartea da hasiera emateko hautatutako elkartea. 

1.750 herritarrek parte hartu dute Internet bidezko bozketan, eta Elgetaren irudia onena dela esan dute %39k. Durangar nortasuna izenagaz, jaien adierazle diren hainbat irudi eta berba sartu ditu Santa Anako arkuaren barnean, jaien adierazle direnak. Bere ustez, errespetua eta berdintasuna terminoak dira agertzen diren garrantzitsuenak. Lehen aldiz parte hartu du lehiaketan Diseinu industriala ikasten dabilen gazteak. 

Txupinazoaren ardura emanda, odol-emaileak omendu gura ditu udalak. Sorpresa handiz hartu dutela esan dute Gabriel Minguezek eta Jose Martin Santibañezek. Eguenero anbulategi zaharrean egoten dira 16:30etik 21:00etara, odola ematera doazenei arreta ematen, eta jatekoa eta edatekoa prestatzen ere laguntzen dute. Odola emateko ohitura handia dago Durangaldean: 1.000 biztanleko 50 donazio egiten dira, Bilbo Handian 30era heltzen ez diren bitartean.

Bestalde, Wadokan karate eta ninjitsu kluba izango da Txupinero-txiki. 120 bat partaide dira, gehienak 16 urtetik beherako ume eta gaztetxoak. 

Marmitakorako inskripzioa
Jai egitarauaren berri aurrerago emango du udalak, baina Iker Oceja zinegotziak argitu du marmitako txapelketarako inskripzioa hasiko dela -Pinondo Etxean- hilaren 18an, 28ra arte egongo dena. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!