Elektrizitate ikastaroa eskainiko diete emakumeei Andragunean

Markel Onaindia 2017ko ira. 11a, 14:05

Iaz mekanikagaz lotutako ikastaroa sortu zuten, eta eduki zuen arrakasta kontuan hartuta, arlo horretako beste bat sortu dute, elektrizitatearena. Etxean egin ahal diren elektrizitate lanez formazioa jasoko dute emakumeek, eta argindarraren faktura ulertzen ere ikasiko dute, besteak beste. Emakumeen jabekuntza sustatu gura dute bi horiekin eta beste 22 ikastarorekin.

Emakumeen historia, hilekoa, zaintza... gai ugari jorratuko dira eskolan. Gainera, batukada feministaren saioak berrartuko dituzte. Ikastaroetako aurreinskripzioa martxan dago gaurtik hilaren 22ra arte. 355 plaza daude guztira, eta ikastaroren baten kopurua pasaz gero, zozketa egingo dute 28an. Gero, 29tik urriaren 10era artean azken izen-ematearen ordua izango da. Andragunean bertan (10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara) edo Internet bidez egin ahal da apuntatzeko eskaera. 

Pilar Rios alkateordeak azaldu du Andragunean beste gela bat egokitu egin dutela, informatika ikastaroak bertan emateko. Gazteak erakartzeko erronkaren barruan kokatu du aldaketa hori. Kety Arrabal udal teknikariagaz eta Alba Gutierrez Andraguneko dinamizatzaileagaz batera eskaini du prentsaurrekoa Riosek. Gainera, ikastaroen 10 edizioetan parte hartu duten andre bi ere egon dira euren esperientziaren berri ematen. Saio askotan parte hartu izan duela esan du Maribel Navarrok. "Asko lagundu ninduten jubilazioa heldu zitzaidanean". Rebeca Diazen esanetan, "itzartze eta errekozimendu bat" izan da beretzat jabekuntza ikastaroetan parte hartzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!