Erremintak erabiltzerako orduan emakumeen ustezko ezgaitasun edo baldartasunaren mitoa apurtu gura duzu?
Bizitzea egokitu zaigun uneagatik, gizarteak baztertu egiten gaitu emakumeak zenbait lanbidetan. Txikitatik barneratuta dugu zenbait gauza ez direla guretzat. Ni ere horrela hezi naute. Baina, txikitatik gustatu zait ez dabilen horretan eskua sartu eta martxan jartzea. Ez dut uste lanbide zehatzik dagoenik genero jakin batentzat. Interesa piztu behar digu, hori baino ez.
Barneratuta dugu generoari lotutako lanbideak daudela?
Bai, eta badira batzuk, mekanika, elektrizitatea edo iturgintza hain justu, kasualitatea bada ere oso baliagarriak direnak egunerokoan eta ez ditugunak ezagutzen. Patriarkatuak ekin diolako esateari ezin dugula, min hartuko dugula... Ondo baino hobeto egiten dugula erakutsi gura dut. Ikasteko interesa baino ez da behar. Dibertigarria izan daiteke erremintak erabiltzea, eta autonomia handia emango digu. Ezusteko baten aurrean zirt edo zart egiteko gai izan gaitezke, eta ez diogu zertan inori deitu gurpila aldatzeko edo autoa gelditu zaigulako.
Horretarako, gizonengana jotzeko joera dugu?
Bai. Baina, emakume guztiok pozten gara itogina konpontzerakoan. Aurrezteko modua ere bada. Guztiz maskulinizatutako lanbideak dira mekanika, iturgintza, elektrizitatea...
Gizonena den mekanikaren munduan, nola hartu zaituzte? Oso matxista da?
Bai, oso matxista. Tailerrean asko harritzen dira emakume bat ikustean. Gertatu izan zait, lasai lan egin ahal izateko, nagusiarengana joan behar izatea, hark bezeroari joatea eskatzeko. “Itxaron, neuk lagunduko dizut”, “zuk konponduko didazu autoa?” eta halakoak ere entzun ditut. Mesfidantza osoa dute nirekiko. Hori bai, izandako lankideak lagunak ditut egun, asko erakutsi didate.
Makina bat klixe entzungo zenituen.
Bai! Zenbat bider gertatzen da, kalean emakume bat gurpil bat aldatzen ari dela, gizonezko bat hurbiltzea berak egingo duela esateko, edo hori horrela ez dela egiten esateko. Eta baliteke edozein astakeria esatea! Hainbat gizoni aldatu diet nik gurpila, ez zekitelako! Gauza jakin batzuetan baldarrak garen mito hori apurtu behar da. Mina hartu genezake edo ez; kozinatzerakoan ere erre egin gaitezke, baina ez diogu bildurrik horri, oso barneratuta dugu.
Emakumearen jabekuntza da helburuetako bat?
Hori da helburu nagusia. Apurtuta dagoen zerbait konpontzeak ahaldundu egiten gaitu, eta guk egina izateak autoestimua sendotzen du. Gai garela ikusteak indarra ematen digu eta egiteko gai ez garen ezer ez dagoela erakutsi. Txunditu, harritu egiten gara askotan: ikusi ditut emakumeak erremintekin trebezia hartzen hasita, euren buruagaz harrituta, eta horrek ahaldundu egiten ditu. Besteak nola moldatzen diren ikusteak ere indartu egiten ditu.
Zer landuko duzue?
Ibilgailuaren mantenua egiten ikasiko dugu, eta egon daitezkeen matxurak ezagutu eta konpontzen. Gure autoari buruz erabakitzeko autonomoak izatea lortzea da helburua; zalantzak argitu eta autonomia lortzea. Dena den, ikuspuntu feminista duen tailerra izanik, egunerokoan bizi ditugun mikro edo makro matxismoak ere antzemango ditugu, denon artean aztertzeko. Kontzientzia hartu dezagun eta ez ditzagun onartu. Aurrez aurre ez begiratzeak ez du esan nahi eragiten ez digutenik. Horiek antzeman eta aintzat hartzea garrantzitsua da.
Berdintasunera heltzeko, jarrera asko aldatu behar dira?
Bai. Ahalduntzea, hori da gure esku dagoena, eta hori autoestimuagaz, autogestioagaz dago lotuta. Edozein konponketa egiteko, gizonen menpe ez egotea, beste gauza askoren artean. Gure autogestiorako leiho hori zabaldu gura dut, eta elkarrekin lan egitea erreminta oso indartsua da. Talde sendo bat lortzeak indartu egiten gaitu.
Harritu egin zaitu ikastaroak izan duen harrerak?
Harritu baino, izugarri gustatu zait. Asko gara ikusmin hori dugunak. Durangon ere talde anitza osatu da. Ibilgailuagaz buru askeak eta autonomoak izan gura duten 15 emakume dira. Batzuek erabiltzen dituzte erremintak, beste batzuek inoiz ez. Denak ikasteko gogoagaz etorri dira. Izan daitezkeen matxurak konpontzeko edo mekanikariak esandakoa ulertzeko gogoagaz.
Txikititatik izan duzu apurtutakoa konpontzeko grina? Beti erakarri zaitu mekanikak?
Betidanik txunditu nau! Zortea izan dut, gainera, aitak denetariko erremintak zituelako. Txikitatik eman didate atentzioa erremintek, horien erabilerak. 13 urtegaz nire Vespinoa konpontzen nuen: astebururo muntatu eta desmuntatzen nuen, azkarrago joateko nola trukatu jakin guran. Mekanika ikasi eta lanean sartu nintzenerako, maila aurreratua neukala uste dut, eta arlo horretan edozertarako gai sentitu naiz beti. Ez naiz gutxiago sentitu. Aldiz, gizonezko asko baino hobeto moldatzen nintzela sentitu dut. Mekanika zale amorratua izan naiz beti.