Banandutako bikote gatazkatsuentzako Elkargune Familiarra zabalduko dute Durangon

Anboto 2017ko ira. 8a, 17:00

Udaleko eta jaurlaritzako ordezkariak, oraindik obretan dagoen bulegoan.

Laubideta kaleko lokalean, umea bisitatzeko aukera edukiko dute zaintza ez dutenek. Urrian zehar, San Fausto jaien ostean seguruenik, hasiko da martxan zerbitzua. Gaur egungo kalkuluen arabera, dozena bat familiari eskainiko diete, baina denboragaz handituko dela uste dute. Kasu asko indarkeria matxistagaz lotutako gatazkak dira. 

Indarkaria matxista tartean dagoenean, erasotzaileak 20 minutu lehenago joan beharko du elkargunera, eta alde egiteko ere, biktima eta umea irten eta 20 minutura egin beharko du. Psikologoak eta gizarte teknikariak egongo dira lanean, eta kasu batzuetan zaintzapean garatuko dira bisitak. Aginte judizialak erabakiko du zein bikotek behar duen elkargunera joatea. 

Orain arte, egoera horretan zeuden Durangaldeko familiek Bilboraino joan beharra zuten elkartzera, eta kasuren baten Durangoko Ertzaintzaren komisaldegian ere egin dute bisitaldia. Eusko Jaurlaritza da zerbitzuaren arduraduna, eta gune berriagaz, familiak erosoago egongo direla uste du Loly de Juan Justizia zuzendariak, batez ere umeak. Gainera, erasotzaileak eta biktimak topo ez egiteko ere egokiagoa izango dela dio. Hasieran Amankomunazgoa izan zen proiektuaren sustatzailea, baina udal batek sinatu behar zuen hitzarmena Jaurlaritzagaz, eta Durangokoak egin du. Udalarena da lokala, eta berau egokitzeko 22.000 euro inbertituko ditu. "Indarkeria matxistagaz amaitzeko tresna bat gehiago" dela azaldu du Pilar Rios alkateordeak. Aitziber Irigoras alkateak uste du ekimen hau "oso onuragarria" izango dela durangarrentzat eta inguruko herritarrentzat, eta berdintasun politiken zeharkakotasuna udalarentzat lehentasuna dela gogorarazi du.

Amankomunazgoa, 2014tik
Durangoko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eman dute prentsaurrekoa, Amankomunazgoko ordezkari barik. Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak, prentsaurrekoaren ostean adierazi du 2014tik ibili dela eskualdeko instituzioa lanketa horretan, eta berau izan dela bultzatzaile nagusia Lea Artibaiko eta Busturialdeko mankomunitateekin batera -Gernikan ere zabalduko da beste elkargune bat-. Presidentearen esanetan, bertako gizarte teknikariek beharrizana ikusten zutelako hasi zen prozesua. Hain zuzen, horien lana nabarmendu gura izan du Lopezek, eta institutzioen arteko elkarlana ere aitortu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!