Paule San Salvador del Vallek ‘22’ liburuan utzitako bizi irakaspena

Itsaso Esteban 2017ko ira. 8a, 12:00

22 urtegaz koloneko minbizia eta gibeleko metastasia diagnostikatu zioten Paule San Salvador del Valle durangarrari. Hiru urte baino gehiago iraun zuen minbiziaren kontrako borrokan zehar idatzitako testuak biltzen ditu San Salvador del Valleren familiaren eta lagunen ekimenez argitaratu berri den 22 liburuak.

Diagnostikoa jaso aurretxoan, 2013ko abuztuaren 2an, hasi zuen San Salvadorrek liburuko eguneroko literarioa, eta bere bizitzako urtebete pasatxo horretako kronika egin zuen. Gogoetarako berbak dira liburukoak; minbiziari buruzkoak baino, bizitzari buruzkoak. Parte hartzen zuen idazketa tailerrerako sortutako hainbat literatur testu ere biltzen ditu lanak, eta gustuko idazle eta pentsalarien aipuak ere bai. Heriotzari  eta gaixotasunari ezikusiarena egin barik, San Salvadorrek liburuan dioen bezala, “hobeto bizitzen ikasteko” prest dagoen edozein irakurlerentzat, liburu benetan baliotsua da 22.

Hein handienean gaztelaniaz idatzita dagoen liburuaren azal-hegalean honako gonbitea egiten dio gazte durangarrak irakurleari: “Izan zoriontsu, edozer delarik ere hori. Egin irribarre, lagundu, eman, jaso apaltasunez, barkatu, maitatu, egin negar, egin barre, sufritu (neurrian), ibili, eta batzuetan, egin korrika oso bizkor. Egizu lo, gozatu jaterakoan, jo larrua, ikasi, hazi. Gero, bizitzaren instant bakoitzari zukua aterata, dagokion unean hiltzeko”.

Eva Rodriguez, Jesuitak ikastetxean bere irakasle izandakoaren eta Jon Sanchez lagunaren bultzadagaz eta babesagaz hartu du Javier San Salvador del Valle Pauleren aitak liburua argitaratzeko lana. Paule urtarrilean hil zen, eta handik lasterrera ekin zioten edizio lanari. Abuztutik kalean daude 200 ale. Durangoko Hitz eta Urrike liburu-dendetan eskuratu daiteke dagoeneko, eta Amazonen ere eskainiko dute.

Albaceteko Uno editorialagaz argitaratu dute 22, Paulek orri batean idatzita utzi zituen “izenburu posibleetatik” borobilduta zegoena hautatuta. Azaleko ilustrazioa Pauleren mutil-lagunaren amaren, Valéry Honnart artistaren, obra da.

Liburua argitaratzeko prozesua “ikaragarri lagungarria” egin zaiola azaldu du Javier San Salvador del Vallek. “Oso harro nago egin dugun lanagatik eta sentitzen dudalako nire alaba ez zela mundutik beste barik pasatu, utzi duelako zerbait, eragin bat izan duelako”.

Hasiera-hasieratik, eta indar guztiagaz, “gaixotasunari desobedientzia” egitea erabaki zuen Paulek. Bere aitak azpimarratu duenez, baina, “bizitzen jarraitzeko borroka eta indarra ez ezik, min ikaragarri bat” ere islatzen du alabak idatzitako liburuak. “Berarentzat zein ingurukoontzat oso gogorra izan zen prozesua”, dio.

Liburuan kontatzen den aldian, hoberanzkoa zen joera; “Kimioterapiak, operazioek... funtzionatzen zutela ematen zuen”, azaldu du Javierrek. Horrela, momentu gozoan amaitzen da liburua: ilusioz gainezka, Paulek Bruselarako bidea hartzen duenean. Onkologoaren konplizitateagaz, kimio zikloak moldatu, eta au pair moduan lan egitera joan zen.

Handik lasterrera gaixotasuna berriro agertu zen. Baina Paulek ez zuen bizitzeko grina galdu. Bruselara joan zen berriro, aukera izan zuenean. Han ezagutu zuen ordutik ondoan izan zuen Basile mutil-laguna. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!