Durangoko Kulturalak partidu serioa jokatu du Martinez Valero futbol zelaian. Ez zuen ematen aurkaria baino maila bat beherago jokatzen duenik. Lehenengo minututik hartu diote neurria partiduari, hobeto kokatu dira berdegunean eta agindu egin dute. Abasolok 18. minutuan sartutako golak zelaian ikusten zen aldea markagailuan islatu du (0-1). Vicente Mir Elx-eko entrenatzailea ez zegoen konforme zelaian ikusten ari zenarekin eta aldaketa bi egin ditu 30. minutua bete orduko. Etxekoek gora egin eta atsedenaldirako minutu biren faltan partidua berdindu dute Lolo Plak area ertzetik egindako jaurtiketa zehatz bati esker (1-1).
Bigarren zatian talde biek izan dituzte aukerak. Talde durangarra kemen eta ausardia gehiagorekin heldu da azken txanpara. Elx-eko jokalariak, aldiz, urduri somatzen ziren. Partidua banakoarekin amaitu eta luzapenean erabaki da irabazlea.
Luzapenean gol bi sartu ditu Elx-ek (3-1). Baina Igor Nuñezen gizonek ez dute etsi. Josu Egañaren falta jaurtiketa zoragarri batek emozioa eman dio azken txanpari (3-2). Leher eginda zeuden, baina azken unera arte saiatu dira. Ez da berdinketarik heldu. Kulturalak erakutsitako maila onaren erakusgarria da Elx-eko jarraitzaileen aldetik jaso dituzten txaloak eta errekonozimendua. Kulturalaren Errege Kopako abentura bigarren kanporaketan amaitu da, baina zelaian ikusitakoa pizgarria izan daiteke ligako denboraldiari begira.