‘Gazteen interakzioa ikus-entzunezko edukiekin: Mondragon Unibertsitateko ikasleen kasua’ ikerlanagaz lortu duzu doktoregoa. Zerk eraman zintuen hori ikertzera?
Egun ikus-entzunezko edukiak oso txertatuta daude gure bizimoduan, batzuengan beste batzuengan baino gehiago, baina ikusi egiten dira eta egunerokoan ohikoa dira. Hala ere, dauden aukera guztiekin, gazteen artean zein interakzio dagoen jakin gura nuen: edukien partekatzean, sorkuntzan, eduki horietaz jardutean... Interakzio gehien gazteen artean egon zitekeela-eta, abiapuntua hori izan nuen. Mondragon Unibertsitateko kasu azterketa izanik, denak dira bertako ikasleak, gehienak 18-24 urte bitartekoak.
Zein ondorio atera dituzu?
Hainbat, baina baliteke deigarriena izatea gazteek, ikus-entzunezkoak (bideoak edo filmak) kontsumitzerakoan, denbora gehiago eskaintzen diotela telebistari interneti baino. Beti ere, kontsumo denborari begiratzen badiogu. Oso zabalduta dago gazteen artean internet gailendu dela, baina ez da egia gazteak telebistari bizkarra emanda bizi direla, horretan batere interesik ez dutela. Horregatik da deigarria.
Youtube da munduan 3. webgunerik ikusiena. Telebista baino gehiago.
Youtubek itzelezko ibilbidea egin du urte gutxian. Baina kanal moduan gaztea da. Beraz, esandakoak ez du esan gura egoera ez denik irauliko. Askotariko gustuak dituzte gazteek, bai edukiei bai horiek ikusteko moduei dagokienez, eta askotariko aukerak erabiltzen dituzte. Batzuek ez dute batere interesik telebistan eskainitakoarekiko eta paso egiten dute programazioaren menpe egote horregaz. Alde horretatik, youtube itzelezko aukera dute. Gazte batek zioen lez: ‘youtube da nire telebista’. Aldiz, beste batzuentzat oso erosoa da eguneko kontu guztiak amaitutzat eman ostean sofan jarri eta, ahaleginik egin barik, zer dagoen ikusi, zapping egin eta zerbait aukeratzea. Hori ere ohikoa da. Horrek ez du esan gura 10 urte barru beste era batera ez denik izango. Seguraski izango da, eta hori izan liteke etorkizuneko ikerketa ildo posible bat.
Azken hamar urtean asko aldatu da gazteen artean ikus-entzunezkoen kontsumoa?
Bai. Youtube 2005ean jaio zen. Duela hamar urte interneten ez zegoen hainbeste ikus-entzunezko eta banda zabala ere ez zen oraingoa. Kalitateari eta azkartasunari begira ez geunden orain gauden tokian. Horretan soilik itzela izan da bilakaera.
Edukien aurrean hartutako jarrera ere ikertu duzu?
Ikus-entzunezkoak telebistan kontsumitzen dituenak zein jarrera hartzen du gero ikusten duen horrekiko? Ez du partekatzen? Ez du sortzen? Aldiz, interneten dabilenak jarrera oso aktiboa du? Hori ikertu dut, eta ikusi dut denetarik dagoela. Zenbat buru hainbat aburu. Bide tradizionaletik nekez aurkitu ditzaketen edukiak aurkitzen dituzte euren kontsumoa interneten oinarritzen duten horiek: telebistan ez dagoena, oso garestia dena, berandu heltzen dena... Telesailak esate baterako.
Zeintzuk dira internet edo telebista aukeratzeko arrazoiak?
Erosotasuna eta erraztasuna dira aipatutako arrazoiak. Dena den, horretan oinarritutako hautuak oso desberdinak dira; batzuek telebista aukeratzen dute eta beste batzuek internet. Youtubeko harpidetzak telebistako edozein katetan egindakoak bezalakoak dira. Ezin dugu esan hedabideen arabera bat edo beste aktiboagoa edo pasiboagoa denik. Interneten dabilenak, zer gura duen jakinda, behin gustuko kanal edo youtuberra aurkituta, zuzenean joko du horra. Badaude ikerketak diotenak youtubek eta interneteko beste kanal batzuek ez ote dituzten telebistako egiteko erak eurenganatu. Kanalak badira modu bat kontsumitzaile lez bidea errazteko: alerta eta gomendioak ematen dituzte, eta suposatzen da nire gustuetatik abiatutako aukerak eskaintzen dizkidatela.
Aukeratutako edukiak ala etorriak diren ere ikertu duzu?
Bai. Zein neurritan kontsumitzen den propio aukeratutako edukia eta zein neurritan modu batera edo bestera eskainita iritsitako edukia. Telebistan eta interneten, bietan neurtu dut, eta ez dut alde handirik ikusi. Baliteke bilatzeko joera hori gehiago egotea interneten, baina ez oso modu nabarmenean.
Partekatzeak ia %68ra heltzen dira gazteen artean. Datu esanguratsua al da?
Bai, oso ohikoa da partekatzea. Beste kontu bat da maiztasuna. Horretarako gogoa da arrazoi nagusia. Erraza delako egiten dutela diote; bestela, ez luketela egingo. Sarean dagoena modu publiko edo pribatuan partekatzen duten moduan, esperientzia edo bideo propioak modu pribatuan partekatzen dituzte.