Milaka lagun Bartzelonako Rambletan paseatzen zebiltzan atzo, abuztuko edozein arratsaldetan lez. Furgoneta bat Katalunia Plazatik sartu zen eta Liceura bidean 100 lagun harrapatu zituen. Erasoaren ondorioz, 13 lagun hil dira eta hainbat pertsona zauriturik daude ospitaletan.
Atentatuaren momentuan Durangoko familia bat Katalunia Plazan zegoen erosketak egiten. Ama eta alaba denda batera sartu ziren bitartean, Kepa Zengotitabengoa, aita, kanpoan gelditu zen, metroaren sarreran. Bat-batean furgoneta bat Rambletan sartzen ikusi zuen. "Zarata handi bat entzun nuen furgoneta oinezkoen bidera sartzean. Berehala konturatu nintzen zer gertatzen ari zen. Zaurituak lurrean etzanda ikusi nituen. Laguntzera joan nintzen, baina osasun zerbitzuak berehala etorri ziren zaurituak artatzera", azaldu du Zengotitabengoak. Durangar hau bere emazte eta alabarekin batu zen orduan. "Paniko egoera izan zen. Jendea korrika zebilen noraezean. Kaotikoa izan zen. Sentsazio oso arraroa izan zen".
Apurka-apurka hedabideetan gertatutakoa ezagutzen hasi ziren. Autoa La Boqueria merkatuko aparkalekuan zuten eta handik irteteko ere arazoak izan zituzten. Bartzelonatik uda pasatzera joan diren herrira joateko auto ilara luzeak izan zituzten. "Onik gaude, eta auto ilarena anekdota bat da. Atentatua gertatu baino 10 minutu lehenago Rambletan geunden". Poliziak Bartzelonako sarrerak eta irteerak itxi egin zituen. "Auto ilara luzeak sortu ziren. Jendea irteeretako zubietan ura eskaintzen ikusi genuen".