Fumbarriko Enpresa Komiteak lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu astelehenerako

Jone Guenetxea 2017ko abu. 18a, 13:02

Artxibo irudia

Fumbarriko Enpresa Komiteak lanuztea deitu du astelehenerako, 49 urteko behargina lan istripuan hil eta gero. Administrazioari gertatutakoa "lehenbailehen" argitu dezala eskatu dio komiteak. LABek dioenez, sindikatuak Fumbarrin urteak daramatza laneko osasun arazoak eta segurtasun eta prebentzio neurri falta salatzen.

49 urteko behargina lan istripuan hil da, gaur, 7:00etan Durangoko Fumbarri enpresan. Heriotza horren aurrean, Enpresa Komiteak oharra kaleratu du. Adierazpen horreta gogoratu dutenez, aurten Euskal Herrian traumatikoki hildako 40. langilea da hau. "Argi adierazi nahi dugu langileok ez goazela lanera hiltzera, lan duina behar dugula, duintasunez bizi ahal izateko", dio Enpresa Komiteak. 

Era berean, administrazioari gertatutakoa "lehenbailehen" argitu dezala eskatu diote, eta prozedura eta neurri guztiak aplika ditzatela "berriro horrelakorik gerta ez dadin". 

Enpresari berriz, dagokion erantzukizunez, prebentzio protokolo eta neurriak dagokion garrantziaz aplikatu ditzala eskatu dio komiteak .

 Bestalde, astelehenean, abuztuaren 21ean, 24 ordutako lanuztea deitu dute enpresan eta, horrekin batera, 12:00etan kontzentrazioa egingo dute enpresaren aurrean.

LABek prentsa oharrean azaldu duenez, komiteak deitutako mobilizazioekin bat egiten dute. Era berean, Durangoko Fundiciones Fumbarri enpresan izandako laneko istripua gogor gaitzetsi dute. LABek dioenez, sindikatuak Fumbarrin urteak daramatza laneko osasun arazoak eta segurtasun eta prebentzio neurri falta salatzen. Gaineratu dutenez, "tartean istripu larriak eta laneko osasun arazoak daude". Batetik, orain bi urte izandako istripu larria gogoratu du sindikatuak. "Langile bati ezintasuna eman zioten gas toxikoak arnastu ondoren, birikak txikitu zitzaizkiolako eta beste langile bat erredurekin oso larri egon zen". Bestetik, LABek silikosi kasu ugari gertatu direla azaldu du. Sindikatuak dioenez, Fumbarrik 2 prozedura penal ditu irekita, "langileen eskubideen urraketa akusaziopean". 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!