Izan ere, otsailean diskoa plazaratu ostean, berau aurkezteko lotuta zituzten kontzertuak bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan zituzten, arrazoi pertsonalengatik.
Diskoko lehenengo kantuaren izenburu bera du Storm taldearen lehenengo diskoak, Over the bridge. 2016ko abenduan Berrizko Lorentzo Records estudioetan grabatu zuten, eta lan horretan oso gustura ibili zirela azpimarratu dute taldekideek. Berrizko estudioaren arduradunengandik jaso zuten tratuagatik oso eskertuta daude.
Ingelesezko letrak dituzten 12 pop-rock kanta biltzen ditu diskoak. Unean uneko egoera eta aldartearen arabera sorturikoak, anitzak, direnez kantak, taldekideek ez dute euren musika estilo zehatz bategaz identifikatzerik gura.
Durangaldeko hainbat tabernatan eskuratu daiteke Over the bridge diskoa: Durangoko Gure Tokin, Mañariko U2n, Abadiñoko Abarkateruenean eta Berrizko Guzurren daude eskuragai.
Zebel taldea desegin zutenean, talde hartako hainbat kidek sortu zuten Storm, 2015ean. Taldeko bateria-jotzailearen iloba leuzemiaz hil zen, eta haren eta gaixotasun hori duten ume guztien omenez konposatu zuten kanta baten izenburua izan zen, hasiera batean, Storm. Hortik dator taldeak hartu duen izena ere.
Joannah Keenen ahotsaren inguruan, Ander Olmok, Sergio Querok, Alberto Riosek, Carlos Nuñezek eta Peio Agirrek osatzen dute, gaur egun, Storm. Peio Agirre berriztarra izan da taldearen azken fitxaketa, eta bere kideek diotenez, “hasiera-hasieratik modu naturalean” egokitu da taldera, eta “oso gustura” dabiltza.