Durangoko hiru kale hobeto argituko dituzte, emakumeei babes emateko

Markel Onaindia 2017ko uzt. 20a, 11:34

Parekidetasuna sustatzeko eta emakumeen segurtasuna indartzeko proiektuetarako, 150.000 euro erabiliko ditu Durangoko Udalak. Horien artean, hainbat kaletako argiztapena hobetuko du, emakumeei babes emateko. Izan ere, leku batzuk puntu beltz moduan identifikatuta dituzte. Askatasun etorbidearen atzealdea –tren geltokirantz–, Oñiturri eta Komentukalea izango dira argituko diren kaleak.

Gai horregaz lotuta, puntu beltzak diseinatzeko ikastaro bat eskainiko diete emakume arkitektoei. Gainera, genero ikuspegiko ideiekin jarraituta, emakumeen presentzia handitu gura dute aurkezpen kulturaletan eta eztabaida foroetan. Emakume migranteekin ere jabekuntza saio bereziak egingo dituzte. 

Proiektu horiek guztiak kreditu aldaketa bidez onartu ditu udalbatzarrak. 2017ko aurrekontua osatzeko adostasunik ez dago oraindik udalean, eta bide hori erabili behar izan dute. Hain zuzen, "eztabaidatu bako gaiak" bilkurara ekartzea leporatu dio Herriaren Eskubideak EAJ eta PSE-EEren udal gobernuari. Euren aurrekontu negoziazioa herritarren partaidetza eskatzeagatik eten zutela kritikatu du Jorge Varelak. "Ez dugu partaidetza bako aurrekonturik ulertzen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!