Jon Gorospek irabazi du I. Begira Photo saria

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 20a, 11:00

Jon Gorospe (Gasteiz, 1986) argazkilariak irabazi du Durangoko Begira Photo jaialdiak antolatu duen argazki sorkuntza lehiaketaren lehenengo edizioa.

N. Mountains lana aurkeztu du Gorospek lehiaketa horretara, eta 800 euroko saria eta urriaren 26tik azaroaren 18ra arte Begira Photo jaialdiaren barruan bere lana Durangoko Kurutzesantu Museoan ikusgai ipintzeko aukera irabazi ditu.

Iparraldeko 60. latitudetik gorako mendialdeetako paisaien inguruko ikerketa batetik sortutakoa da N. Mountains. Bere argazki sailaren bitartez Europako iparraldeko naturaren analisia egiten du proiektu horretan Gorospek.

Lehiaketako antolatzaileek nabarmendu dutenez, munduaren errepresentazio sinesgarritik eta edertasunaren bilaketatik aldenduta, “ikuslea paisaia haiekiko esperientzia bat bizitzera eramango duten kode estetikoetara bideratzea” da Gorospe argazkilari gasteiztarraren helburua. Durangoko lehiaketako epaimahaiaren arabera, Gorosperen N. Mountains obrako argazkiek  “hunkitu” egiten dute ikuslea.

Juan Zapater BilbaoArteko zuzendariak, Garazi Arrizabalaga Durangoko Museoko koordinatzaileak eta Gemma Besa Gasteizko Amárica aretoko koordinatzaileak osatu dute lehiaketako epaimahaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!