Autorik Gabeko Eguna egingo dute irailean Durangon

Anboto 2017ko uzt. 19a, 12:40

Irailaren 15etik 22ra bitartean Mugikortasun Astearen beste edizio bat hartuko du Durangok, eta dagoeneko badabiltza motorrak berotzen. Egitaraua aurkeztu dute Aitziber Irigoras alkateak eta Tazebaez berrikuntza taldeko Juan Zubiaurre antolatzaileak. 

Lehen egunean Bizikletarte arte lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Abuztuaren 31ra arte aurkeztu ahal dira mugikortasunaz kontzientziatzea helburu duten lanak, eta 700 euro egongo dira jokoan. Irailaren 16a izango da egitarauko egun handietakoa: Autorik Gabeko Eguna ospatuko dute Ezkurdin. Ginkanak, bizikleta makinak, martxa eta spinning maratoia iragarri dituzte, besteak beste.

Irigorasek adierazi du Durango "erreferentea" dela mugikortasun eta jasangarritasun politiketan, eta konpromiso horren baitan kokatu du Mugikortasun Astea. 2014an Euskadiko Udalerri Jasangarria saria eman zion Eusko Jaurlaritzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!