Durangoko Udala herritarrentzat zabalagoa izango da partaidetza ordenantzari esker

Anboto 2017ko uzt. 18a, 19:01

Parte-hartze ordenantza onartu du udalbatzarrak, ia aho batez, PPren abstentzioa kenduta. Hemendik aurrera, adibidez, herritarrek zuzenean aurkeztu ahalko dituzte mozioak. EH Bilduk sustatu zuen ordenantza, eta alderdiek ekarpenak egin dituzte. Lau alderdiek bat egin dute tresna ona izango dela esatean.

Beste hainbat aukera eskainiko dizkie herritarrei eta elkarteei. Esaterako, batzordeetan parte hartzea eskatu ahalko dute, eta herri-ekimenak aurkeztea ere bai. Bestalde, udalari betebeharrak ekarriko dizkio. Horien artean, udalean erregistratutako herritarren galdera edo kexei 7 eguneko epean eman beharko die hasierako erantzuna; 15 egun izango dira ezezkoa bada, eta 30 egun behin-betiko erantzun bat emateko. Aurrekontuetan partaidetza egotea bermatuko du udalak, eta auzoetan prozesu komunitarioak bultzatu ere bai (Barikuko ANBOTOn jaso ahalko da ordenantzari buruzko informazio gehiago).

Bestalde, alderdiek iritzia hartu dutenean eztabaida sortu da, ordenantza 16 hilez luzatu eta "etenda" egon dela kritikatu baitute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. EAJren esanetan, "denbora behar da gauzak ondo egiteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!