Dibertitzeko gogoa duten espartarrak

Joseba Derteano 2017ko uzt. 14a, 14:02

Kirol minoritarioa zen, eta azken urteetan gorantz egin du. Gero eta gehiago dira oztopo probetan parte hartzera animatzen direnak. Telebista kateei ere ez zaie fenomenoa oharkabean igaro, eta Ninja Warrior eta halako programekin zaleen arreta eurenganatzen saiatzen dira. Durangon ere badago lasterketa horietan parte hartzen duen talde bat, baina, lehiari barik, elkarregaz dibertitzeari ematen diote lehentasuna.

Javier Vega (Durango, 1976) taldeko kide bat da. Bere senitarteko batek elektroestimulazio bidezko entrenamendu zentro bat ireki zuen Durangon, eta han batzen ziren lagunartearen ondorioa da Body Fit & Go deitu zioten taldea. “Horrelako proba batean parte hartzea dibertigarria izan zitekeela pentsatu, eta animatu egin ginen orain hiru bat urte”, gogoratu du Vegak.

Enpresa pribatuen ekimenez antolatzen diren probetan garrantzitsuenetakoa Spartan Race da. Izen edo marka hori duen munduko zirkuitu bat dago. Parte-hartzaile batzuk horretatik bizi dira; babesleen laguntzagaz, afizioa ogibide bihurtu duten profesionalak dira. “Gu ez gara horrelakoak”, argitu du Vegak. “Horrelako probak denok batzeko, dibertitzeko eta kirola elkarregaz egiteko modu bat dira guretzat. Taldekideari itxaron behar badiogu, itxaron egiten diogu, eta lagundu behar bazaio, lagundu egiten zaio”. Horixe izan zuten helburu orain asteburu bi Bilbon lehiatu zuten Spartan Race lasterketan. 10 laguneko taldea joan ziren. “Proba gertu bada, egun-pasa egiten dugu eta, esaterako, Manresara bagoaz, asteburu pasarako aprobetxatu dezakegu”.

15 kilometro inguru duten probak izaten dira eta, normalean, laburragoa den beste ibilbide bat ere egoten da aukeran, ahalik eta jenderik gehienari parte hartzeko aukera eskaintzeko. Tarte bat korrika egin ostean, gainditu beharreko oztopo batera heltzen dira: sokagaz horman gora igotzea, enbor bat garraiatzea… “Ez dago superheroi bat izan beharrik, baina bere arriskua dute, eta prestakuntza maila bat eskatzen du”, uste du Vegak.

Irailean Gernikan egingo den oztopo proba batean parte hartzeko asmoa dute. Durangon antzerako zerbait antolatzea posible ote litzateke? Vega pertsona ekintzailea da eta ez du saiatzea baztertzen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!