Uda Kalean Bizi programazioari amaiera ematen joateko, ‘Femmes’

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 14a, 14:45

Errealitate gordinak sorturiko atsekabe sentsazioagaz amaitzeko, iraultza egingo dute adineko lau protagonistek.

Ekainaren 22an Tokyo Brass Style musika banda japoniarraren kalejiragaz hasita, Durangoko kale, plaza eta parkeak antzerki, musika, zirku eta magiaz bete ditu Uda Kalean Bizi programazioak.

Asteburu honetarako eta hurrengorako, bi proposamenegaz amaituko da programazio hori, irailean San Agustin kulturguneko ikasturte berriko denboraldia abiatu aurretik. Gaur, Hortzmuga Teatro taldearen Femmes lana ikusteko aukera izango da, 20:00etan, Ezkurdi inguruan.

Adineko andren iraultza
Munduaren norabideagaz suminduta dauden adineko lau emakume dira Femmes testurik bako kale antzezlanaren protagonistak. Errealitate gordinak sorturiko atsekabe sentsazioa amaitzeko, iraultza egitea erabakiko dute Hortzmugaren ekoizpenaren lau protagonistek. Euren iraultzarako metodo absurdo eta probokatzaileen bidez, gainontzeko herritarrak esnaraztea izango dute helburu, eta ikusleen parte-hartze aktiboa bultzatuko dute. Gorka Ganso da obraren eszena zuzendaria, eta Izpiñe Soto, Alejandro Antonez, Arantza Goikoetxea eta Begoña Krego aktoreek dihardute lau emakumeen paperean.

Shakti Olaizola, azkena
Uztailaren 21ean, Durangoko musika eskolako parkeko emanaldiagaz amaituko da 2017ko Uda Kalean Bizi. Akrobaziak, kontortsioak, antzerkia, musika eta margolana uztartuko ditu Shakti Olaizolak bere obra berriaren aurkezpenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!