Laukotearen hirugarren emanaldia izango da eguaztenean Plateruenean izango den hori. Eliasek ikasturte amaierarako prestatu duen errezitaldirako sortu zuten Asier Elias Project, eta urte hasieratik ibili dira elkarregaz lanean. “Denbora asko eskaini diogu, eta nahiko zainduta dago errepertorioa”, adierazi du Elias Durangoko bateria-jotzaileak. Eliasen bateria izan ezik, elektrikoak dira laukotea osatzen duten beste instrumentuak, eta, beraz, “sonoridade nahiko elektrikoa” du Asier Elias Project laukoteak.
Larry Goldings Trio, John Scofield eta Path Methenyren bertsioak eta Asier Eliasen kanta bat izango dira entzungai Platerueneko emanaldian. Anbotoko Mari izena du Eliasen kanta horrek, eta Kontserbatorioko konposizio klasean sortu zuen gazte durangarrak. Egilearen berbetan, “jazz moderno eta irekia” da bere kanta horretakoa.
Iruñean eman dituen lau urteetan lan handia egin duela dio Eliasek, eta “asko ikasteko eta musikari jatorrak ezagutzeko aukera” izan duela. Bereziki eskertuta dago Juanma Urriza irakasleagaz jarduteko aukera izan duelako. Izan ere, Bill Stewart edo John Bonham bezala, asko miresten baitu Eliasek Urriza.
Goi mailako ikasketak egiteko aukera dagoenetik, Euskal Herrian jazzaren arloan aurrerapauso handiak eman direla uste du Eliasek, musikari gehiago eta hobeak daudela. Aldiz, kontzertuak eskaintzeko baldintzak gero eta kaskarragoak dira, eta horregatik eskertzen du Platerueneko aukera hau.
Jazzean ezezik, oso gaztetatik Mocker’s rock taldean dihardu Eliasek, eta aurreratu du irailean diskoa grabatuko dutela.