Garazi Iriondo: “Kontrolatu ezineko egoera da istripua; aldiz, 140km/h-ko abiaduran gidatzea, nire erabakia”

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 1a, 12:00

Bide heziketa txikitatik landu behar dela argi du Garazi Iriondok, Stop Accidentes elkarteko kideak. Lan horretan dihardu Durangoko ikastetxeetako neska-mutikoekin, Durangoko Udalaren bide heziketa programaren bitartez. Hala ere, hezkuntza sare osora zabaldutako gaia izan behar dela uste du. Bide indarkeriaz hitz egin du duela 13 urte Enaitz neba istripu batean galdu zuenak.

Jabetzen gara autoa hartzean gure gain hartzen dugun erantzukizunaz?
Bai, baina ez behar beste. Ezer gertatuko ez zaigun ustea oso zabalduta dago. Adibidez, herriko jaiak hasiko diren honetan, tarte laburrean alkoholemia-kontrolik egongo ez dela uste dute gazte askok, eta berdin zaie. Kontzeptu hori okerra da. Hori baino gehiago, alkohola hartuta nire gaitasuna handitu ala txikitu egingo den da kontua. Horri lotuta badago zer landu.

Azken urteetan eman da aurrerapausorik?
Bai. Gero eta informazio gehiago dugu, ibilgailuak seguruagoak dira, segurtasunari lotuta informazioa zabaltzeko gero eta aplikazio gehiago daude eta hildako kopurua gutxituz doa. Baina ez neurri berean. Hildako gutxiago egon beharko lirateke. Jaurlaritzaren datuen arabera, 2011n 60 lagun hil ziren errepidean; eta iaz, 46. Nabarmena da 2014ko datua: 29 lagun hil ziren.

Txirrindularien harrapaketak gero eta gehiago dira.
Oso deigarri egiten zait hori. Ez dut ulertzen. Badugu informazioa, eta bide ugari informazio hori eskuratzeko: jendeak badaki 1,5 metroko distantzia utzi behar dela txirrindulari bat aurreratzerakoan, eta etenik bako marra zeharkatu daitekeela. Pazientziarik ez dagoela uste dut. Urduritu egiten gara. Horren eraginez, txirrindulariek, zoritxarrez, lurrean bukatzen dute.

Oinezkoen harrapaketak ere ugaritu dira herriguneetan?
Bai. Lehentasuna oinezkoena da, bai, baina horren aitzakian, autorik badatorren begiratu ere ez dugu egiten batzuetan. Zer esanik ez mugikorren edo musika entzungailuen erabileraren kasuan. Umeei esaten diet  geurea dela lehentasuna, bai, baina beti ziurtatu behar dela gidariak ikusi gaituela. Izan ere, baliteke despistatuta egotea eta ez ikustea.

Ikusgaitasuna trabatzen dute argiztapen eskasak edo hiri-altzariek. Neurriak behar dira?
Bai. Durangoko Udalera eraman izan dugu gaia, eta hasi dira neurriak hartzen. Zebra-bide batzuetan badabiltza aparkalekuak kentzen espaloia handitzeko, oinezkoak ikusgaitasun handiagoa izan dezan. Zaborrontziak lekuz aldatu dituzte, eta loreontzi handiak jarri ibilgailuek ez aparkatzeko. Neguan batez ere, argiztapen gehiago behar dela ere uste dute umeek.

Herrigunean abiadura 30km/h-ra mugatu du Durangok.
Bai. Primeran deritzot. Erreflexuak asko aldatzen dira, eta ez da beharrezkoa arinago joatea. Zebra-bide asko daude, eta zuhurrago ibiliko gara. Are gehiago, oinez, bizikletan ibiltzea bultzatu gura badugu. Halako neurriak beharrezkoak dira.

Zein mezu helarazi gura diezu umeei?
Umeengan istripuak saihesteko gogoa piztea dut helburu. Inork eragiten ez badu istripurik— zuhurrago gidatzen dugulako— ez da istripu-biktimarik egongo. Orain oinezko, txirrindulari edo patinatzaile rolak dituzte, eta oso garrantzitsua da horien eskubide eta betebeharrak ondo ulertzea. Burua babestearen garrantzia azaltzen diet, eta istripuek eragin ditzaketen ondorioak. Min fisikoa norberarena da. Baina min sentimentala, barnekoa, inguruko guztiena. Saiatzen naiz irudikatu dezaten nolakoa litzakeen etxea, logela edo jolasteko era, adibidez, mugikortasuna galduko balute. Segurtasun ekintzak sustatu nahi ditut: kaskoa jarri, zebra-bideetatik gurutzatu, alde bietara begiratu... Jarrera aktiboa ikusten zaie, mezua heldu zaien seinale.

13 urte dira Enaitz neba auto batek harrapatuta hil zela. Bide indarkeria badela uste duzu?
Kontrolatu ezineko egoera da istripua: bihotzekoak jota kotxea kontrolatu ezin badugu. Aldiz, 140km/h-ko abiaduran gidatzea muga 90km/h denean, nire erabakia da: ez dut, ez errepidea, ez bertan doazenak errespetatzen. Hori bide indarkeria da. Berdin drogak edo alkohola hartzean. Nebaren kasuan, gizon batek alkohola hartzea eta ezarritako abiadurari uko egitea erabaki zuen. Erabaki hori gure ondorioa izan da. Enaitz hil egin zuen, eta bera barik bizi behar dugu. Bitartean, gidariak bere bizitzagaz jarraitu du, ez zaio ezer pasatu. Ni neu eta familia osoa bide indarkeriaren biktima sentitzen gara.

Bide indarkeria, ezagutzen ez dugun kontzeptua da? Arlo horretan ari zarete lanean?
Ez da erabiltzen, baina oso ondo ezagutzen dute, Norvegian adibidez: 0,02 miligramo litroko alkohol maila emanez gero, isuna jartzen dute, eta 0,08 emanez gero, 21 eguneko kartzelaldia; eta ez da beharrezkoa istripua eragitea. Oso kontzientziatuta daude; horrelako jarrerek bide indarkeria sustatzen dutela uste dute, eta ‘ez’ esaten diote. Arlo horretan lanean ari gara gu ere, ea gizartea zerbait aldatzen den. Batzuetan uste dut jendeak barre egiten diola gai honi. Errepidean ez goaz bakarrik, eta ez dut ulertzen batzuen jarrera. Nork bermatzen du guri ez gertatzea?

Kontzientzia hartzeko kanpaina abaituko duzu laster?
Bai, Joan, etorri eta bizi. Uztailaren 1etik aurrera orri-markagailuak banatuko dira gasolindegietan, aholkuak emanez. Estimulu larregiko gizartean bizi gara, zuhurtzia suntsituz doa, eta errepidean igartzen da. Oporretan joatea itzela da, baina garrantzitsuena bueltatzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!