Zure lagunek galdetu dizute inoiz: zergatik epaile?
Lagunak harritu egin ziren. Ez nuen futbolean jokatzen eta, bat-batean, epaile! Ez nuke asmatuko arrazoitzen zergatik hasi nintzen. Bizitzako une batean pentsatu nuen: eta hau balitz benetan ondo egiten dudana?
Beraz, ez zen zaletasuna piztu zizun txispa konkreturik izan?
Hasteko, ez. Baina, ondoren, izan zen txispa bat egunetik egunera epaile hobea izatera eraman ninduena. Eta txispa hori ezagutu nituen lankideak izan ziren, gaur egun oso lagun onak ditudanak. Partidu konplikatu bat duzunean animatu egiten zaituzte, eta partiduetara joaten dira. Eta, beharbada, atsedenaldian deitu egingo dizute gomendioak emateko. Gure artean hartu-eman oso ona dugu. Askok uste dute bakarkako zerbait dela, baina ez da horrela, talde batu bat gara. Baten bat partidu garrantzitsuren baten atarian badago, elkarregaz bazkaltzen joaten gara, eta une horiekin jokalariek beste gozatzen dugu.
Hartu-eman estua duzue.
Bai. Guk ere gure whatsApp taldetxoak ditugu. Jokalariek eurenetan gu kritikatuko gaituzten moduan, guk ere berdina egin dezakegu: ‘kontuz jokalari honegaz’ edo ‘partidu honetan zein jokalari zaindu behar dut?’.
Zein da epaitu duzun partidurik inportanteena?
Marrazain lanetan ibili nintzen bat dut gogoan. Jaitsiera postua zegoen jokoan. Tentsioa nabari zen giroan eta harmailetan.
Eta deskuidurik txikienean lehertu daitekeen presio-eltze hori zelan kudeatzen da?
Bi aukera daude. Edo dena adieraztea, orain falta txikia dena hurrengoan larriagoa bihurtu ez dadin, edo jokatzen gehiago uztea. Ni gehiago naiz jokoa moztekoa. Jokalariekin komunikatzen jakitea ere garrantzitsua da, broma txikiak ere egin daitezke, beti ere neurri bateraino.
Gaitza da distentsioaren eta irmotasunaren arteko oreka aurkitzea?
Inpartziala izan behar duzu alderdi guztietan. Hau da, jokalari bati bromatxoa egiten badiozu eta beste taldekoren batek ikusten badu, txarto pentsatu dezake. Azken batean, oreka hori mantentzea dohain bat da. Epailerik onenak komunikatzaile trebeak dira. Jokalaria lasai mantentzeko abilidadea dute.
Zu zelakoa zara futbol-zelaian?
Modu onean esanda, badakit kritikak onartzen. Beste kontu bat da modu iraingarrian datozenean. Neurriak hartu behar dira. Ez norberagatik bakarrik, baita jarrera horiek zaleengana zabaldu daitezkeelako ere.
Epaileenganako irainak ohikoak dira? Zaleengatik diot.
Egia esan, zaleen partetik irain gehiago entzuten dira. Jokalariak badaki zigorra izan dezakeela: txartel horia zein gorria. Baina zaleen aldetik ez dugu zereginik, aktan jasotzeaz besterik. Sarritan gehiegi grinatzen dira. Edo onartzen duzu edo epaile lana uzten duzu. Hau guztia errotik erauzi beharko litzakeela uste dut. Ez dago nire esku.
Federazioaren esku dago. Zer tan hobetu dezake?
Hainbeste gauza dira… Zigor gogorrak, diziplina-zigorrak klubeko kidea bada, presentzia poliziala… Baina federazioarentzat hori guztia zaintzea oso zaila da. Ezinezkoa, kasik.
Klubak ere hor daude. Badute euren erantzukizuna.
Klubak, sarritan, euren artean babesten dira. Beraz… gu ere gure artean babesten garela esan beharra dago, denak.
Irainak eta errespetu falta areagotu egiten dira oinarrizko futbolean umeen gurasoekin?
Umeen partiduetan, futbol 7an, ez da arazorik egoten normalean. Gurasoak adeitsuak izaten dira. Kadete eta gazte mailetan, aldiz, desberdina da. Euren semeek aukeraren bat huts eginda frustratu egin direlako edo batek dakit zergatik, ikaragarri berotzen dira epaileekin.
Inoiz zure segurtasuna arriskuan sentitu duzu?
Zorionez, ez. Partidu oso zailak izan ditut, eta denetan ez nuen asmatuko, baina zortea izan dut. Inoiz delegatua nigaz etorri da futbol-zelaitik irteterako orduan, badaezpada. Hori eskertzekoa da. Eta inoiz entrenatzaileren bategaz arazoren bat izan dut, baina besterik ez. Gogoan dut behin lankide bati hortz bat apurtu ziotela.
Epaile izateko gainditu beharreko probak gogorrak dira?
Jokalariak bezain gogor entrenatzen naiz, astean birritan. Asko entrenatu eta ikasten dut, ahalik eta epaile onena izateko. Epaile izateko azterketa bera ez da zaila, eramangarria da. Baina gora egiteko eta nagusien mailetan aritu ahal izateko proba fisikoak gogorrak dira. Oso ondo prestatuta egon beharra dago. Maila Gorenetik aurrera egiten dizkiguten probak Lehenengo Mailako epaileenen berdinak dira.
Baduzu erreferenterik?
Aitor Villatek —Lehen Mailako laguntzailea— adi jarraitzen gaitu. Gure partiduak ikusi eta gomendioak ematen dizkigu. Ricardo de Burgos Bengoetxea eta Iñaki Vicandi Garrido dira beste erreferente bi. Lehenengo Mailako epaileak dira eta etengabeko hartu-emanetan gaude eurekin. Gure zaintzaileak dira.
Lehenengo Mailara heltzea duzu amets?
Zaila da, adinagatik. Arauen arabera, adin jakin batera heldu baino lehenago lortu behar da. Gainera, epaileen artean maila handia dago. Nire ametsa Hirugarren Mailara heltzea da. Lepo beteta dagoen zelaian arbitratzeak motibatzen nau. Erantzukizun handia izanagatik, gehien horrexek motibatzen gaitu. Nik hau dena afizioagatik egiten dut.