Pozik zaudete?
Bai, pozik gaude. Proposamena atera zenean, herriko jendearen partetik maitasun mezu asko jaso genituen, jendea asko gogoratzen da. Bilkuran emozionatu egin nintzen, izekok eta familiak egin zutenaren errekonozimendu lez ikusten baitut. Emakume langile eta umilak izan ziren. Karamelo saltzaileen familia izan gara gu; nire aita ere herririk herri ibiltzen zen erromerietan.
Jende askoren akorduan dago Boniren gozoki-postua.
Durangon galtzen ziren ume guztiak Bonirenean agertzen ziren. ‘Maitea, geratu zaitez hemen, zure ama segituan etorriko da eta’, esaten zien. Izekok sekula ez du berba txarrik eduki inorentzat. Oso maitatua izan da.
Denetik zeukan postu koloretsu eta kurioso hartan...
Bai. Sobre sorpresak saltzen zituen asteburuetan, eta jendea horiekin zoratzen zen. Bizikleta bat tokatu zitekeen!
Zelan ekin zion salmentari?
Nire amamagaz hasi zen saltzen, 10 bat urte zituela, gerra sasoia zen eta... Nire ama eta ahizpa txikia hazten joan zirenean, laguntzen hasi ziren. Nire amak, Urdin tabernaren ondoan, Camyren denda lez ezagutzen zena zeukan, izozkiak saltzen zituelako. Gero, Andra Marian gaztainak saltzen ere ibili zen, familia edukitzen hasi zen arte. Gu bost neba-arreba gara.
Gerra sasoian kanpora joatear egon ziren.
Aititek trenbidean lan egiten zuen, eta gerran etxekoak tren batean sartzea lortu zuen, Bilbotik Errusiara edo Ingalaterrarantz joateko. Baina lau egun egon ziren itxaroten, eta amamak bueltatzea erabaki zuen. Zorionez, ez zitzaion gutako inori ezer gertatu. Bonik ez zituen petardoak eta txapligoak gustuko, gerra gogoratzen ziotelako.
Etxean zelakoa zen Boni?
Ahizpa nagusia izanda, etxekoak zaintzen ere ibiltzen zen beti. Urteek aurrera egin ahala, atseden apur bat hartu behar zuela ikusten genuen, eta laguntzen egoten ginen. Malaga (Andaluzia) aldera joatea gustatzen zitzaion.
70 bat urtez egon zen...
Salmenta utzi eta gutxira hil zen, urte bira edo. Nik uste dut apur bat amatatu egin zuela jendeagaz ez egoteak. Bera oso bizia zen, bizitzeko gogo eta indar handikoa, ez zuen ezerk gogaitzen.