EIJO orkestragaz, euren herrian joko dute Erzillak eta Mardarasek, domekan

Itsaso Esteban 2017ko eka. 29a, 11:56

Uztailaren 2an, 20:00etan, Durangoko Andra Mariko elizpean arituko da Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, San Agustin kulturguneak antolatzen duen Uda Kalean Bizi programazioaren barruan. Euren herriko entzuleen aurrean jardungo dira orkestra horretako kide diren Jone Erzilla eta Markel Mardaras Durangoko musikari gazteak. 

Tronpetista da Jone Erzilla eta saxofoia jotzen du Markel Mardarasek, eta Bartolome Ertzilla musika eskolan ikasitakoak dira. Erzillak aurten amaitu ditu gradu profesionaleko ikasketak, eta hirugarren maila bukatu berri du Mardarasek. Abenduan gainditu zituzten EIJO orkestran parte hartu ahal izateko sarrera probak. 

Roberto Pachecoren zuzendaritza artistikoagaz jardun dira EIJO orkestrako gazteak domekan Durangon eskainiko duten emanaldia prestatzen, eta bi obra estreinatuko dituzte kontzertu horretan: Mikel Laboaren Txoria txori kantaren moldaketa bat eta Iñigo Peñaren Orion. Domekan Durangora etorri orduko, beste bi emanaldi eskainiko dituzte; Bilbon, gaur, eta Hernanin, bihar. 

Duela hiru urte EIJO proiektua martxan jarri zutenetik, urtero parte hartu du bertan Durangoko musika eskolako ikasleren batek: lehenengoan Jone Erzilla eta Martin Gabiria egon ziren taldean, eta Esti Ibarra, iaz. Ander Erzilla irakaslearen ustez, “ikasleentzat aukera bikaina” da horrelako talde batean jotzea, besteak beste, irakasle espezializatuekin lan egiteko aukera dakarrelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!