Errugbiaren munduan jakintza eta eskarmentu oparoa dituen Muir Kara zeelanda berritarra aukeratu dute hurrengo denboraldian emakumeen taldea zuzentzeko. Durango Rugby Taldea ezagutzen du, 2005-06 denboraldian bertan jokatu zuelako. “Jokalari moduan ez ezik pertsona lez ere oroitzapen oso ona utzi zuen”, azaldu dute DRTko arduradunek ohar batean.
Zeelanda Berriko Harlequins taldean eman zituen lehenengo urratsak. Hainbat talderekin eta selekziorekin aritu ostean, Ingalaterran finkatu zen 2002ra arte. Ondoren, Getxo Rugby Taldean aritu zen.
Entrenatzaile jardunean esperientzia zabala du gizonekin zein emakumeekin. 2011n Euskadi Touch Rugby elkartea sortu zuen jokalari, entrenatzaile zein epaileak errugbian trebatzeko. Gainera, hainbat entrenatzaile titulu ditu eta 2 Mailako epailea da. “Emakumeen taldeari alderdi teknikoa zein humanoa emango dizkiola uste dugu, eta emakumeen taldea sustatzen eta talde handi bat sortzen lagunduko duela”.