'Boni' eta beste martxanterak, gogoan betirako

Markel Onaindia 2017ko eka. 28a, 10:31

EH Bilduk proposatuta eta aho batez onartuta, Andra Marian gozokiak saltzen zituzten martxanterak omenduko ditu udalak, eta euren oroimena betikotuko da horrela. Oroigarria aukeratzeko sortzaileei zabaldutako ideia lehiaketa egingo dute, senitartekoekin adostuta.

 

Belaunaldi askok kariño handiz gogoratzen dituzte martxanterak, batez ere Bonifacia 'Boni' Macarron, 60 urte baino gehiagoz bere postuagaz Andra Mariko elizpean egon zena. Egunero, bere mahai koloretsuagaz lanera ateratzen zen. Bere ahizpagaz batera pasa zituen egun horietako asko eta asko. EH Bilduren ustez, omenaldi hirukoitza izan liteke ekimena, "izaera herritarra, emakume langileak eta herriko komertzioa omentzeko" balio ahal duena, Ion Andoni del Amoren ustez. 

Pilar Riosen (PSE-EE) ustez "merezitako omenaldia" izango da. "Figura enblematikoak izan dira martxanterak". Gainera, "emakume langileek eduki ez duten errekonozimendua" lantzeko modu bat ikusten du. Julia Pererak (Herriaren Eskubidea) martxanteren "baldintza bikoitza" nabarmendu zuen, emakume eta langile izatearren. Goiztidi Diazek (EAJ) bat egin zuen ekimenagaz eta beste alderdien iritziekin.

Bilkura amaitzean 'Boni'-ren senide batek berba egin zuen eskerrak emateko. "Eskerrak familiaren partez, batez ere EH Bilduri mozioa aurkezteagatik, eta herri osoari ere errekonozimenduagatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!