Udalak 10.000 euroko obra adjudikatu zion, lehiara jo barik, Gitma enpresari. Lorontziak eta bankuak ipini zituzten 2016ko irailean, autoei itxitako kalea behin-behinean urbanizatzeko. Orain, saria jasotzean, "zerbait arraroa" iruditu zaie EH Bildukoei, "usain txarrekoa", Del Amoren esanetan. Erakundeak eredugarri izan behar direla argudiatuta, sariari uko egitea eskatu du oposizioko lehen indarrak.
Gobernuko EAJ eta PSE-EEk ez dute berbarik hartu, eta mozioaren aurka bozkatu dute. PP, ostera, abstenitu egin da. Beraz, mozioak ez du aurrera egin, berdinketa alkatearen kalitatezko botoak hautsi duelako.
Herriaren Eskubidea soilik agertu da alde. Jorge Varelak azaldu du "itsusia" iruditu zaiela sariaren kontua. Bestalde, gogoratu du 2015ean kale horretan CO2a xurgatzeko adokinak ipini zituztela, eta "planifikazio falta" egotzi dio gobernuari, handik urtebetera trafikora itxi zuelako.