Sorginolaren bigarren urtemugak Tabirako jaiekin bat egingo du

Markel Onaindia 2017ko eka. 27a, 10:00

Orain urte bi okupatu zituzten hainbat gaztek Fundifes fundizio zaharreko bulegoak, gaztetxe bihurtu eta herrira zabaltzeko asmoz. Geroztik, literatur taldea eta musika lokalaren proiektua sortu dituzte, besteak beste, eta berbaldiak eta kontzertuak eman ere bai. Bigarren urtemuga ospatzeko egitaraua prestatu dute, eta gainera, Tabirako jaiekin bat egingo dute.

Iaz Fundifest izena ipini zioten urtemugari, eta aurten ere horrela mantendu dute, bigarren edizioa bilakatuta. Gaurtik uztailaren 1era arte egongo dira ekintzak. Gaur, 19:00etan, pregoia botako dute, eta ostean afaria eta gaubela egingo dituzte. 29an Laborathegia izeneko tailerra garatuko dute, 19:00etan, eta 30ean goizetik ekingo diote: 11:00etan obrak, 17:00etan batzarra, 18:30ean perkusio eta dantza tailerrak eta 22:00etan kontzertua Hexen eta Estricalla taldeekin.

Tabirako marmitakoa
Tabirako jaiak hilaren 29an hasiko dira, eta uztailaren 1ekoa izango da egun handia, jende ugari batu ohi duen marmitako txapelketagaz. Sorginolakoak ekitaldi gastronomiko horretara batuko dira, zenbait ekintza jai batzordeagaz adostu dituzte-eta. 19:00etan musika egongo da, 20:00etan kalejira, eta gauez kontzertuak gaztetxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!