Goiuriako eta Europako hirietako paisaiak, Garayren margolanetan

Itsaso Esteban 2017ko eka. 26a, 10:35

José Carlos Garay margolari iurretarrak Lerroak eta koloreak erakusketa ipini du, uztailaren 16ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai. Joan zen astean Garay artistak berak emandako azalpenekin egin zuten bisita gidatuagaz inauguratu zuten erakusketa.

Finantzen arloan egin izan du lan Garayk, eta egun erretiratuta dago. Durangoko erakusketan, bere bizitzan zehar egin dituen margolanen hautaketa bat ipini du. Olio-pinturagaz egindako kolore biziko paisaiak, erretratuak eta natura hilak, hain zuzen ere.

Bizi den Goiuria auzoko paisaiak eta bertako baserrien irudiak bildu ditu Garayk Lerroak eta koloreak erakusketan, eta  baita Durangaldeko beste txoko batzuk ere. Erakusketan, baina, badaude Parisko, Bruselako edo Londresko paisajeak ere. Izan ere, toki horietan bizi izandakoa baita margolari autodidakta. Hiri horietako lorategi, monumentu eta kale kantoiak ere margotu izan ditu Garayk, eta erakusketarako hautatu.
Egileak kontatu duenez, ez du gustuko argazkiak oinarri hartzea pintatzeko. Koadroetan jasoko dituen paisaietan egon ostean margotzen du. Gaineratu du, bestalde, leku berri batera iristen denean, berau margotzen hasi orduko denbora bat igarotzea behar izaten duela.

Goiuriako margolariaren berbetan, Londresen bizi zenean National Galleryra edo Tate museora egindako bisitek eraiki dute, besteak beste, bere margolari sena. Gogoan du txundituta geratu zela han ikusitakoagaz, eta esperientzia haietatik datorkiola formazio bisuala.

Gaztetatik margotu izan badu ere, bere lanak Durangon erakutsi dituen lehenengo aldia da ekain eta uztail honetakoa José Carlos Garayrentzat.

Uztailaren 16ra arte, honako ordutegian egin ahalko da bisita José Carlos Garayk Durangon ipini duen erakusketara: martitzenetik barikura, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara; zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domeketan 11:00etatik 14:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!