Ertibil lehiaketako hirugarren saria eman diote Karlos Martinez durangarrari

Itsaso Esteban 2017ko eka. 23a, 12:21

Parte hartu ahal izan duen azken aldian —aurkezteko adin muga gaindituko baitu hurrengo urtean— Bizkaiko Aldundiak antolatzen duen Arte Plastikoen Ertibil erakusketaren hiru sarituetako bat izan da Karlos Martinez (Durango, 1982). Hirugarren saria eman diote. Lehenengoa Sahatsa Jauregik jaso du, eta Iñigo Varonak bigarrena.

Aldundiak bultzatzen duen 35 urtez azpiko artista bizkaitarren erakusketa kolektibo horretan parte hartzeko, hiru aldiz aurkeztu ditu Karlos Martinezek bere lanak, eta bi urtetan hautatu dute bere obra erakusketa ibiltariko bilduma osatzeko. Aurtengoa da, baina, saritu duten lehenengo aldia.

Don’t worry, you can’t get lost down here lana da Martinezi saritu diotena: egitura metaliko batek eta igeltsuzko ontzi batek osaturiko bilduma. Artista durangarrak azaldu duenez, iaz egonaldi artistiko batean sortutako lanen hondarrekin egindako obra da Ertibileko epaimahaiak saritu duena. Egilearen berbetan, “egonaldi hura amaituta, sortuak izan zireneko funtzioa galdu zuten objektu haiek, eta beste zentzu bat hartu zuten nire tailerrean”.

Hain zuzen ere, objektuak beraien testuingurutik kanpo sarritan baliatzen ditu Karlos Martinezek bere artelanetan, eta gustuko du bere lanetan elementu hauskorrak eta hondakinak baliatzea.
Hiru saridunen lanak ez ezik, beste hamabi artista gazterenak ere izango dira Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltariaren XXXV. edizioan ikusgai. Lehiaketara aurkeztu dituzten 83 artelanetatik epaimahaiak aukeratu dituen pintura, eskultura, grabatu, argazki eta bideo lanak.

Sei herritan erakusgai
Bizkaiko sei herritatik igaroko da Ertibil bilduma. Bilboko Rekalde Aretoan hasi du ibilbidea, eta irailaren 10era arte egongo da han. Ondoren, Lekeition, Leioan, Basaurin, Bermeon eta Barakaldon ipiniko dute erakusketa. Ezkerraldeko herri hartako udal aretoa izango da azken geltokia, eta urtarrilaren 2ra arte egongo da zabalik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!