Bereziartuak Espainiako txapelketa irabazi du mendi bizikletagaz erakustaldia emanda

Joseba Derteano 2017ko eka. 23a, 12:00

Paul Bereziartuak (Durango, 1990) Espainiako triatloi-kros txapelketa irabazi du kadete mailan. Aguilar del Campo herrian (Palentzia) lehiatutako proban mendi bizikletan emandako erakustaldian oinarritu zuen garaipena.

Iaz hamar onenen artean amaituta, bazekien aurten aurrean ibili zitekeela. Igerian “ondo” moldatzen dela dio, baina estatuan “maila itzela” dago. Bizikletara igo zenean 21 triatloilari zituen aurretik. Orduan hasi zuen erakustaldia. Errepideagaz alderatuta, mendiko ibilbideak badu berezitasun bat durangar gazteari ondo etorri zitzaiona. “Errepidean taldeak sortu ohi dira eta zaila da handik ihes egitea. Mendian, aldiz, gaitza da taldeak sortzea. Palentzian denak banan-banan zihoazen. Atzetik harrapatzen nituen bakoitzean, indarrak batu eta erasoa jotzen nuen aurrera bakarrik joateko”. Gaitasun fisiko paregabeaz gainera, komeni zen moduan jokatzeko hoztasuna erakutsi zuen une horietan. Hogei postu aurreratu zituen. Bigarren trantsizio gunean bere aurretik zihoan bakarra korrikako tartean aurreratu zuen.

Biharamunean bosgarren amaitu zuen duatloi-krosen txapelketa. “Palentziara etorri aurretik uste nuen duatloian triatloian baino hobeto arituko nintzela. Baina ezin dut gehiago eskatu, oso pozik nago”, adierazi du MugarraTTko  kideak.

Autonomien txapelketa
Asteburu honetan autonomien arteko triatloi txapelketa lehiatuko du Euskadiko selekzioagaz. Durangoko beste ordezkari batzuk ere arituko dira: Aiala Garro eta Irea Gallastegi nesken kadete mailan eta Irene Loizate nagusietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!