Orain 15 urte taldea sortu zutenetik, Girora huts egiten duten bigarren aldia izango da. Orain hiru urte ezin izan zuten finantziaziorik batu, eta horregatik ez ziren joan. Baina aurten “ahalegin handia eginda eta azken unean” 10.000 euro hitzartzea lortu zuten babesleekin, Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariaren berbetan.
Alferrik izan da.
Ekainaren 30etik aurrera Giroan parte hartu behar zuten txirrindulariek “disgustua” hartu dutela dio Elorriagak. Mavi Garcia taldeko buruak, esaterako. “Aste bi Sierra Nevadan eman ditu kontzentratuta, Giroa prestatzen. Itzuli ona egin zezakeen”.
Ez da erraza zer gertatu den ulertzea. Kontua da aurten Italiako federazioak Italiako talde denak gonbidatzera behartu dituela Giroko antolatzaileak. Hori horrela izanda ere, bazegoen tokia talde gehiagorentzat, baina haientzat hotelak eta gainerako gastuak ordaintzeko dirurik barik geratu dira. Beraz, Bizkaia-Durangori alternatiba bat eskaini zioten: gastuen kargu eurak egitea eta UCIren partetik baimen bat lortzea. Zeruak eta lurrak mugitu ostean, dirua zein baimena lortu zituzten. “Baina orduan ere, gonbidapena eman beharrean, luzamendutan ibili ziren”. Azkenean, hamaika bueltaren ostean, “sentitzen dutela, baina ezin gintuztela gonbidatu esan ziguten, eta aurrera begira UCIk arauak moldatu zitzan saiatuko zirela”.
Elorriagak ez du “ezer ulertzen”. “Eskatutako dena lortu dugu eta tokia egon badago”. Beraz, azpi-azpian “guk ez dakigun beste arrazoiren bat dago”. Erakundeen euren arteko zerbait. “Historia luzea dela eta aurrez aurre gauden batean kontatuko zigutela esan ziguten”.
Kontuak kontu, “horrek ez du atzera bueltarik, eta aurrera begiratzen saiatzen gara”. Giroaren ordez, Alemaniako Thuringer Itzulian parte hartuko dute, uztailaren 12tik aurrera.
Kopa esku-eskura
Bitartean, Mavi Garciak eta Bizkaia-Durangok esku-eskura dituzte Espainiako Kopako garaipenak, banaka zein taldeka. Proba baten faltan, lider daude sailkapen bietan. Taldekako lorpen hori zuten aurtengo helburu nagusienetakoa. Kopako zortzi probetatik sei irabazi dituzte. Azkena Garciak berak lortu zuen joan zen asteburuan.