Argazki liburuen inguruko tailerra eskainiko du Golpek

Itsaso Esteban 2017ko eka. 21a, 10:39

Urriaren 26tik azaroaren 18ra egingo dute Begira Photo jaialdiaren zazpigarren edizioa, Durangon. Jaialdi hori antolatzen duen Kinua elkartearen eskutik, baina, argazkigintzari loturiko askotariko proposamenak lehenago ere izango dira martxan.

Ekainaren 24an eta 25ean, esaterako, Gonzalo Golpe (Madril, 1975) arte editore eta ekoizpen grafikoan espezialistak tailerra eskainiko du Pinondo Etxean. 14 orduko tailerra izango da, eta argazki liburu baten kontzeptualizazioa, ekoizpena eta publikazioa landuko dituzte. Ekainaren 24 eta 25eko tailerrari buruzko informazioa eskatu zein izena emateko, 658708264 telefonora deitu daiteke.

Mendia izango da udazkenean Durangon argazkigintza garaikideari buruz egingo duten Begira Photo jaialdiaren gaia. Iaz bezala, jaialdiaren barruan egingo duten erakusketa kolektiboa osatzeko deialdia egin dute antolatzaileek. Mendia gaitzat duten lanak bidali gura dituzten argazkizaleek ekainaren 30era arteko epea dute parte hartzeko.

Bestalde, argazkigintzako talentu berrien lanak ezagutzera emateko helburuagaz aurten lehenengoz antolatu duten argazkigintza sorkuntzako sarian parte hartzeko epe muga ere ekainaren 30a da. 23ra artekoa da, bestalde, argazkigintzari buruzko saiakeren lehiaketara lanak bidaltzeko epea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!