Trizak taldeak zabalduko du egitaraua. Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra musikari beteranoek disko berria labetik atera berri Durango bisitatuko dute ekainaren 28an. Jon Piris musikariak zikloaren aurkezpenean azaldu duenez, “plazak behar ditugu gure musika mota hau zabaltzeko, eta Plateruena oso leku egokia da horretarako”.
Bestalde, uztailaren 5ean Asier Elias bateria-jotzaile durangarraren txanda izango da. Eliasek karrera bukaerako errezitala eskainiko du. Uztailaren 12an berriz, Juan de Diego bilbotarrak kontzertua eskainiko du Plateruenean. Uztailaren 19an Mikel Azpiri pianista donostiarrak, Frank Mantegari bateria paristarrak eta Dave Wilkinson gitarra-jotzaile ingelesak osatzen duten Elkano Browning Cream taldeak itxiko du jazz musikari eskainitako zikloa.
Babes handia
Durangoko Udalak Jazzeruena zikloarekin bat egin du. Aitziber Irigoras Durangoko alkateak lankidetzaren ideia azpimarratu du. Era berean Durango “artxipielago kultural” legez irudikatzen duela azaldu du. Elkarteek zein instituzioek antolatutako ekintzekin, Durango kulturaren hirigune izatea gura dutela gogoratu du.
Bestalde, Iñigo Gutierrez Cafés Baquéko marketing arduradunak azaldu duenez, jazzaren inguruan sortu den proiektua oso interesgarria da. “Cafés Baqué kirolera oso lotua dagoen arren, ekitaldi kulturalak ere indartu gura ditugu”, azaldu du Gutierrezek zikloaren aurkezpenean. Horretarako, foodtruck bat jarriko du.
Jana eta edana
Kontzertuak afalorduan izanik, jana eta edana ez da faltako Plateruenean. Berrikuntza nagusia, Cafés Baquéren eskutik etorriko da. Eskainiko duten edarietako bat Ameriketan modan dagen hotzean infusionatutako kafea da. Kafea ehotzen dutenean 16-24 orduz beratzen uzten dute. Iragazi eta botilaratu ondoren hotzean edaten da. Zikloan zehar foodtrukean batutako diruagaz, hurrengo urteko ekimena finantzatzea da helburua.