Maitane Grande: “Babesleku gehiago behar dira itsasoan, eta, batez ere, kontzientziazoa landu behar da”

Aitziber Basauri 2017ko eka. 19a, 08:50

Itsas zabaleko arrantzan dihardu Maitane Grandek, jasangarritasun neurriak bete daitezen laguntzen. Aurretik, Azti Tecnalian eta EHUn ere egin du lan. Itsas Zientziak ikasi ditu, eta atunaren ugalketa eta elikadura baldintzetan oinarritu zuen doktore tesia. Itsasoko ingurumenaren eta baliabideen inguruko masterra ere badu. Aita Lekeitiokoa izanik, beti izan du lotura itsasoagaz.

Bermeoko atun-industrian ari zara lanean. Zein da zure lana?
Normalean, bulegoan egoten naiz, itsasontziko patroiagaz eta arrantzaleekin hartu-emanean beti. Jasangarritasun neurriak aplikatzen laguntzen diet arrantzaleei
—enpresak adostu dituenak eta indarrean den erregulazioak behartzen dituenak—. Atlantikoan, Indiako Ozeanoan eta Pazifikoan egiten dugu lan. Askotariko kontrol neurriak daude, eta horiek betetzen laguntzeko erremintak ematen dizkiet.

Jardunbide egokiak ere bermatzen dituzu?
Bai. Ingurasarea erabiliz atuna arrantzatzen dugu, eta arrantza mota hau harrapaketa gehigarrian nahiko jasangarria den arren, batzuetan beste espezie batzuk ere harrapatu genitzake: marrazoak, dortokak, marrazo baleak... Horiek askatzeko, jardunbide egokietan etengabeko prestakuntza ematen diegu arrantzaleei. Bestalde, AZTIk edo bestelako enpresa teknologikoek garatutako ikerketa proiektuetan laguntzen dugunean, lotura naiz ni. Garatutako material edo teknologia berriak itsasontzietan probatzen dira.

Itsasoan ere denboraldi luzeak egiten dituzu.
Nire lanaren beste zati bat da. Normalean, urtean hilabete batez egoten naiz itsasoan. Batutako informazio ozeanografikoa  —tenperatura, gazitasuna, plankton kontzentrazioa...— interpretatzen dut, arrantzarako gune egokiak aurkitzeko. Teknologia handia dago itsasontzi hauetan, atuna antzemateko; eta arrantza emankor eta jasangarriagoa lortzeko. Garrantzitsua da itsasontzian egotea, iparra ez galtzeko. Izan ere, baliteke bulegoan hau edo bestea pentsatzea eta itsasontzian hori egitea ezinezkoa izatea. Informazioa etengabe eman eta jasotzen dugu gure artean.

Gogorra egiten da?
Lehenengo astea egiten da gogorra. Gorputza estimulu askotara eginda dago lehorrean, batera eta bestera gabiltza. Erritmo hori jaitsi egin behar da itsasoan. Lekua murriztua da, ordutegiak oso finkatuta daude  eta baliteke lauzpabost egunean ez arrantzatzea... Egokitu egin behar zara. Eguneroko errutinan sartzea da garrantzitsua.

Emakume bakarrenetarikoa izango zara itsasontzian.
Normalean, kanpoko behatzaile bat egoten da. AZTIko edo Espainiako Ozeanografia Institutukoa, eta aurreko bi urteetan emakumeak izan ziren. Aurten, neu izan naiz bakarra, kamerak jarri ditugu-eta behatzaile lanak egiteko. Hala ere, dagoeneko ez zait gogorra egiten. Normalean, patroia eta tripulazioa ezagunak dira, eta asko laguntzen du horrek. Oso giro ona tokatu izan zait beti. Ondo egon naiz beti.

Atlantikoan egoten zara.
Bai, Pazifikoa baino erakargarriagoak dira niretzat Indiako Ozeanoa edo Atlantikoa. Gustatuko litzaidake Indiako Ozeanora joatea, hango atunari buruz egin nuen-eta doktoretza. Baina han piratak daude, nahiz eta euren jarduera nahiko jaitsi den. Badirudi seguruagoa dela orain, baina AZTIn nengoenean lankide batek eta biok sustoa izan genuen. Gainera, arrantza estrategia aktiboagoa da Atlantikoan. Pazifikoa handiagoa da, eta egun asko egon daitezke arrantzatu gabe. Arrantzaleengandik ikasteko, eta eurek nigandik, hobeak dira Atlantikoa edo Indiakoa.

Mundu ezezaguna da gehienontzat itsasoa?
Itsasoaren %1 ere ez dugu ezagutzen. Are gehiago, lan egiten dugun espezieetan ere ez dugu dena ezagutzen. Adibidez, atuna, eboluzioz, ur gaineko objektuen azpian batzen da. Hala, arrantzaleek paletak botatzen dituzte itsasora, GPS lokalizazioa duen zunda bategaz. Atunak hor azpian batzen dira, eta arrantzaleek buia horiei jarraitzen diete. Hala ere, oraindik ez dakigu zergatik batzen diren atunak ur gaineko objektuetan.

Atuna arrantzatzeko mugatuago daude hemen?
Kuotak daude. Baxurako arrantzaleek atungorria eta hegaluzea hartzen dituzte hemen. Sasoi batean, atungorria gehiegi ustiatu zen, baina, orain, badirudi berreskuratzen ari dela. Itsas zabaleko arrantzan kontrol gutxiago dago, konprometituta ez dauden herrialdeak daude. Baina gero eta kontrol gehiago dago.

Ze egoeran dago euskal kosta?
Gero eta hobeto. Badago zer hobetu, baina ingurumen eta arrantza arloan pausoak ematen ari gara. Lan asko egin da itsasadarrak berreskuratzen, Bilbokoa tarteko, eta arrantza oso erregulatuta dago. Arrantzaleek ere gero eta hobeto betetzen dituzte erregulazio horiek, eta hobera goaz. Boli Kostan (Afrika) egoten naiz, eta zerikusirik ez du. Borroka itzela dago, trukerako txanpona da arraina.

Arrantzak kosta kaltetu du?
Asko arrantzatzeko presio horrek egin dio kalte, baina errekuperatzen dabil. Hala ere, itsasoan babesleku gehiago behar dira, eta, batez ere, kontzientziazioa landu behar da: arrantzaleekin, isilean arrantzatzen dutenekin, kontsumitzaileekin... Kosta eta itsasoa zaintzearen garrantziaz hezi behar da eta kontsumo ohituretan eragin: zer eta noiz kontsumitu, nola arrantzatu espezie bat edo bestea... Baxuran eta itsas zabalean dabiltzan enpresak hobetuz doaz, kontsumitzaileen presioaren eraginez. Ekologikorantz goaz eta sektorearen jarduera ere gero eta jasangarriagoa da, nabarmen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!