Pilar Rios Durangoko gizarte ekintza, enplegu eta inmigrazio batzordeko presidentearen berbetan, "elkartasunean eta elkar ezagutzan oinarritutako gizarte sareak sortzea" da Denboraren Bankua ekimena martxan jartzeko arrazoietako bat: jatorri eta adin desberdinetako durangarren arteko harremana sustatzea. Verónica Redondo inmigrazio arloko teknikariak azpimarratu duenez, Denboraren Bankua "potentzial handiko" ekimena da integrazioaren ikuspegitik, "pertsonen arteko harremanak sortzea errazten baitu".
Ekimenagaz bat egiten duten herritarrek beraien zerbitzuak, ezagutzak eta jarduerak eskainiko dizkiete gainerako kideei, eta elkar trukatu egingo dituzte. Askotariko arloei loturiko jarduerak trukatuko dituzte Denboraren Bankuan izena ematen duten herritarrek: gorputzaren eta osasunaren zaintza, etxeko lanak, informatika, hezkuntza, aisialdia, etab.
Astelehenetan, 10:00etatik 12:00etara, Durangoko udaleko Inmigrazio sailean edo Gurutze Gorriaren bulegoan (eguaztenetan, 10:00etatik 12:00etara; eta eguenetan, 18:00etatik 19:00etara) eman daiteke izena Denboraren Bankuko kide izateko.
Berbaldia, martitzenean
Durangoko Denboraren Bankuaren proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Barakaldon martxan daukaten proiektua hartu dute eredutzat, eta beraien esperientziaren berri ematera gonbidatu dituzte Ezkerraldeko herri hartako ordezkariak. Ekainaren 20an, Elkartegian eskainiko dute Barakaldoko Denboraren Bankuari buruzko berbaldi hori, 19:00etan.