Kaleko zortzi ikuskizun dakartza San Agustinen udarako eskaintzak

Itsaso Esteban 2017ko eka. 14a, 12:24
Arantza Arrazola kulturguneko arduradunak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Xabier Arana Arandoño elkarteko kideak aurkeztu dute programazioa.

Ikasturteko areto barrurako programazioa asteburu honetan amaitu dute San Agustin kulturgunean, eta gaur, ekainaren 22tik uztailaren 21era arte antolatu dituzten emanaldien egitaraua aurkeztu dute. Antzerki, musika, zirko eta magia arloko zortzi ikuskizun dakartza Uda Kalean Bizi programazioak, Durangoko kale, plaza eta parkeetara. 

Datorren eguenean, ekainaren 22an, Tokyo Brass Style musika banda japoniarraren kalejiragaz hasiko da programazioa. Hamar emakumek osaturiko taldea da Tokyo Brass Style, eta Zornotzako Haizetara jaialdiaren IX. edizioan entzuleen saria jaso zuen. 20:00etan udaletxe plazan hasita, Durangoko alde zaharrean ibiliko euren funk, ska, swing eta doinu herrikoiak eskaintzen.

Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Xabier Arana Arandoño elkarteko kideak aurkeztu dute, gaur goizean, 2017ko Uda Kalean Bizi egitaraua. Irigorasek nabarmendu duenez, "aniztasuna eta kalitatea" dira kultur programazio horren bereizgarri nagusiak.

Ekain amaierarako eta uztailerako prestatu duten programazioa Euskal Herriko kaleko ikuskizun onenen erakusleihoa izango dela azaldu du Arrazolak. Bestek beste, Cia Tornado konpainiaren Lapurminak antzezlana azpimarratu du San Agustingo arduradunak. "Istorio oso dibertigarria da", aurreratu du. Aurten lehenengoz baliatuko duten espazio batean izango da Tornado taldearen emanaldi hori, gaiera: Balbino Garitaonandia plazan eskainiko dute emanaldia, uztailaren 6an, 20:00etan.

Arandoño elkartearen 20. urteurreneko ospakizunen barruko organo kontzertu berezi bat ere hartu dute Uda Kalean Bizi egitarauaren barruan. Egitarauko bigarren hitzordua izango da hori. Javier Artigas eta Benantzi Bilbao organistek lau eskutara jotzen duten bitartean, ipuin kontalari lanetan jardugo da Josep Maria Berenguer. Aranak azaldu duenez, "emanaldia ez da izango ez ohiko organo kontzertu bat, ezta ohiko ipuin kontalaritza saio bat ere". Bost urtetik aurrerako adin guztietako publikoari zuzenduriko emanaldia izango da Pedro eta Otsoa ipuinaren kontalaritza saio musikatu hori. Ekainaren 24an, 20:00etan, eskainiko dute Andra Marian.

Hauxe da uztailaren 21era arteko Durangoko kultur programazioaren berri emateko kaleratu duten kartela:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!