Bidezabaleko emakumeak atletismoaren gailurrean berriro

Joseba Derteano 2017ko eka. 13a, 16:02

Ohorezko Mailara, Estatuko kategoria nagusienera itzuli dira hiru urtez saiatzen ibili ostean.

Orain hiru urte galdutako kategoria berreskuratu du Bidezalek eta datorren urtean Espainiako talderik onenen kontra lehiatuko du Ohorezko Mailan.

Burgosen lortu zuten igoera, joan zen asteburuan. Bidezabaleko zortzi atletek euren probak irabazi zituzten. Miren de Regil galdakoztarraren pertika jauzia  jardunaldiko onenan izateaz gainera, bere ibilbideko garaiena izan zen. Urtebete inguru 3.70 metrotan kateaturik zegoen eta Burgosen 3.90era heltzea lortu zuen.

Ramadana ez da oztopo izan
Bidezabaleko Kaoutar Boulaid-en lana ere azpimarratzekoa da. Torrelavegan bizi den marokoarrak 3.000 metroko proba irabazi zuen Ramadanaren ondorioz goizaldetik ezer jan edo edan barik zegoen arren. “Azken ehun metroetan asko sufritu zuen. Ez zela helduko uste genuen”, gogoratu du atletismo taldeko Cristina Petitek.

Natalia Redondo, Leticia Gil, Judith Otazua, Patricia Urquia, Cristina Teixeira eta Leire Gorrotxategi ere onenak izan ziren nor bere espezialitatean.

14 urtegaz onenen artean
Julene Bouzo ermuarrak harri eta zur utzi zituen guztiak. 14 urtegaz lehenengo txapelketa zuen atleta federatu moduan eta bosgarren amaitu zuen altura jauzian. “Batu zituen puntuak garrantzitsuak izan ziren guretzako”, dio Petitek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!