Bertan behera geratu zen bilkura berriro egitea eskatu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak

Markel Onaindia 2017ko eka. 9a, 13:36

Feministek Garateren auzia salatzeko egindako protesta-kantu baten ostean osoko bilkura bertan behera utzi zuen alkateak. Hainbat gai landu barik geratu ziren, eta horiek hurrengo ekaineko osoko bilkuran baino lehen eztabaidatzea gura dute oposizioko kideek. Horregatik, ez-ohiko bilkura bat egiteko eskaera erregistratu dute. "Onartezina deritzogu alkateak bertan behera utzi ostean beste deialdirik egin ez izana", esan dute alderdiek prentsara bidalitako mezuan.

DRTren urtemugako hitzarmena, martxanterak omentzeko ideia eta Gorka Fraile presoaren inguruko mozioa ziren, besteak beste, landu barik geratu zirenak. "Herritarrek ez dute zergatik jasan behar alkate baten erabakiak sortu dituen kalteak", salatu dute ohar bidez.

Bestalde, Parte Hartze eta Garapen Jasangarria batzordeko eta Ogasun batzordeko presidenteen agerraldia eskatu dute, hurrengo gaietaz informatu dezaten, "aurrerapenik ez" dagoela eta: parte-hartzearen ordenantza, zabor bilketa eta kale garbiketaren kontratua, merkatu plazaren dinamizazioa eta Ondasun Higiezinen Zerga.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!