Esti Zurikarai: “Badakit dendaren falta sumatuko dudala, saldu eta erosteko baino gehiago da-eta”

Aitziber Basauri 2017ko eka. 10a, 10:30

Abuztuan utziko du Esti Zurikaraik (Durango,1952) Urtxintxa. Familiako umeek aukeratutako izena  da. “Zerrenda bat egiteko esan nien. Gogoan dut ‘Txorokil’ izena ere”. 41 urte dira denda ireki zuela eta, orain, lekukoa emateko ordua heldu zaio. “Plazer handia” izan du.  

Asko aldatu dira jostailuak?
Asko hobetu da itxura, tankera. Hala ere, lehen ere aitak eta  amak alboko arotzeriatik ekarritako takoekin ere jolasten ziren umeak. Oraingo hau hori baino apur bat landuagoa da. Guk amak jositako andrakilak erabiltzen genituen. Alde horretatik, gurean ez dira horrenbeste aldatu.

Nola ikusten duzu egungo jostailuen industria handia?
Ez zait gustatzen. Umeei barren guztia xurgatzen die, gauza gutxi emateko. Gainera, engainatu egiten dituzte, ez den zerbait izango dutela sinestaraziz. Momentuko jostailuak dira asko, itxura itzela dutenak, argia... baina segituan aspertzen dira gero, ez diete ezer ematen. Aldiz, salto egiteko sokak, kanikek, zibak, panpinek, sukalderako gauzek...  hor jarraitzen dute. Ekin eta ekin ari dira. Dena den, ez da erraza. Orain dela urte batzuk baino gehiago erakutsi eta landu behar da jostailuak saltzeko.

Bestelako jostailuen aldeko bide horri eutsi diozu?
Gurean egurrezko  jostailuak  dira asko. Panpinak ere ez dira momentukoak, ez dute negarrik egiten, ez dute mekanismorik. Hauekin irudimen eta sormen handiagoa jarri behar dute, ez dizkiete abentura guztiak eginda ematen, umeek baduten arren gaitasunik abentura berriak asmatzeko. Jostailu hauek beste indar batzuk martxan jartzea eskatzen diete.

Lehen eta orain, beti arrakasta izan duen jostailurik bada?
Duela 44 urte ezagutu nuen Picafort: 8-10 zulo dituen ohola da, alboetan euskarri bana duena. Mailuagaz joz, zilindro batzuk sartu behar ziren zuloetatik. Gero, buelta eman eta berriz ekin. Urte batzuk dira berriro hasi dela saltzen, asko. Beste bat, bata bestaren barruan sartzen diren tamaina askotariko kuboena. Ez dakit zer guran nahasten gara sarri, eta gauzarik oinarrizkoenagaz ematen dituzte orduak umeek.

Generoagaz lotuta pausorik eman da?
Gutxi. Badago neskentzako edo mutilentzako jostailurik? Ez dut horren argi ikusten. Panpinak, sukaldeko gauzak... zergatik izan behar dira neskentzat? Argiñano, Subijana, Arzak... gizonezkoak ikusten ditugu telebistan, eta denean, baina ez dago zereginik. Gazteekin, urte batzuetan, hori aldatu egingo zela uste nuen, baina ez. Azken urteetan atzera goazelakoan nago. Batzuei pentsaezina zaie aulkitxoa hartzea mutilentzat, are gehiago arrosa bada! Edo hartz arrosa!

Umeak aldatu egin dira?
Askorik ez. Baina ereduak behar dituzte, horiekin hazten dira. Telebistan, kalean... ere gauza asko xurgatu ditzakete.

Teknologiak izan du eraginik?
Pentsatu nuen mahai-jokoak, karta-jokoak, logika-jokoak, eskulanak... saltzeari utziko geniola, baina ez, asko saltzen dira. Ematen du denerako lekua dagoela. Hala ere, baliteke jolasteko moduan eragin izana. Pasibotasun gehiago ote dagoen nago, baina gizartea ere aldatu da, eta horrek eragin du.

Jubilatzera zoaz. Nolako sentsazioa duzu?
Oso ona. Urte batzuk izan dira, bai. Berba bitan, plazer handia izan da niretzat Urtxintxa. Badakit dendaren falta sumatuko dudala, saldu eta erosteko baino gehiago da-eta.

Ez dituzte jostailu larregi?
Bai, baina errubera horretan gaude denok. Denok dugu behar duguna baino gehiago.

Jostailu bat erostean, zer hartu behar dugu kontuan?
Umea zegaz jolasten den. Joera nabaria ekarri ohi dute, baina gauza berriak proba ditzaten saiatu beharko genuke. Nik neuk ez nuen gauza askorik lortu, baina (barrez).

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!