Espainiako txapeldun eta txapeldunorde gelditu zinetenetik hilabete inguru pasatu da. Ezusteko garaipena izan zen?
Jone Aizpurua: Nirea, bai. Ez nuen espero txapelketa irabaztea eta podiumera igotzea. Gainera, momentuan bertan ez nintzen kontziente izan lortutakoaz, eta herrira etorritakoan igarri nuen zer lortu nuen.
‘Txela’ Bereziartua: Nik ere ez nuen espero. Espainiako Txapelketa batean maila izugarria egoten da. Lasterketan zehar banekien lasterketa ona egiten nenbilela, nahiz eta igeri egiten ez nintzen oso ondo aritu. Helmugara sartu eta epaileak bigarren egin nuela esan zidanean, flipatu egin nuen.
Urteetako lanaren emaitza dela esan daiteke?
T.B.: Dudarik barik. Urteetako lanak emandako fruitua da.
J.A.: Guk urte asko daramatzagu triatloien mundu honetan, eta esperientziak bere garrantzia izaten du lorpenak eskuratzerako orduan. Hala ere, aitortu behar dut garaipen honi baino garrantzi gehiago ematen diodala Ironman bat bukatzeari.
Hori ere lortu duzue, biok.
T.B.: Bai, biok egin ditugu Ironmanak. Jonek dioen bezala, Ironman bat bukatzean edukitzen den sentsazio hori izugarria da. Hala ere, egia da probak oso ezberdinak direla.
Aspaldidanik talde berean zabiltzate, Mugarran.
T.B.: Taldea sortu zenetik gabiltza biok Mugarran.
J.A.: Txelak 2004an taldea sortu eta urtebetera hasi nintzen ni taldean. Ordura arte ez nuen inoiz triatloirik egin. Eskalatzen ibiltzen nintzen. Baina biok Durangoko igerilekuetan lanean genbiltzanez, baita gaur egun ere, elkarren kontra igeri egiten hasi, eta triatloiak egiten bukatu nuen.
Talde berean ibilita, eta toki berean lan eginda, elkarregaz entrenatzeko aprobetxatzen duzue?
T.B.: Durango Kirolaken elkarregaz lan egiten dugu, eta askotan aprobetxatzen dugu igerilekuan elkarregaz entrenatzeko.
J.A.: Sarritan aritzen gara elkarren kontra. Horrela, aldamenekoa zirikatzea lortzen dugu, eta norberak bere gorputzari ere gehiago eskatzea.
T.B.: Horrez gain, entrenatzaile bera daukagu, eta elkarregaz lan egiten dugula jakinda, sarritan entrenamendu antzerakoak jartzen dizkigu, batera ibili gaitezen.
Lan egin, familiagaz egon... Nola ateratzen duzue entrenatzeko denbora?
J.A.: Gauzak hemendik eta handik mugituta eta ingurukoen laguntzagaz, denerako denbora ateratzea lortzen da. Gainera, gure entrenatzaileak badaki lehenengo familia dela, ondoren lana, eta, azkenik, entrenamenduak. Hala ere, batzuetan 06:30ean esnatu izan naiz, korrika egiten joateko.
T.B.: Gu ez gara profesionalak; beraz, egunerokoan beste lehentasun batzuk ditugu. Hala ere, gura izanez gero, denetarako ateratzen da denbora.
Horrenbeste ordu elkarregaz pasatuta, oso ondo ezagutuko duzue elkar. Aldamenekoaren zein dohain nabarmenduko zenukete?
J.A.: Kirol arloan hainbat gaitasun ditu Txelak. Baina, bere dohainik handiena jendea motibatzeko duen ahalmena dela esango nuke. Niri asko gustatzen zait beragaz entrenatzea, beti baitago animoak ematen eta laguntzen.
T.B.: Joneren gaitasunik handiena, berriz, duen konstantzia dela esango nuke. Ama izan zen, eta triatloiak betiko alde batera utzi beharrean, berriz ere apurka-apurka entrenatzen hasi, eta topera dabil.
Mugarrak harrobi oso garrantzitsua du gaur egun.
T.B.: Taldearen helburua harrobia indartzea izan da beti, eta lortu dugula uste dugu. Taldea sortu eta urte batzuetara triatloi eskola bat sortu genuen, eta indarra hartzen joan da apurka. Egun, Euskal Herrian talde gutxi daude gazte mailan gurearen besteko harrobia dutenak.
J.A.: Gazteak etorkizuna dira eta garrantzitsua da harrobia sendotzea. Gainera, eskolako umeak oso pozik dabiltza, eta hori ezinbestekoa da. Iñigo Lariz entrenatzaileak umeak gustura aritzea lortu du.
T.B.: Iñigok umeekin egiten duen lana ikaragarria da.
Durangaldean nolako indarra dauka triatloiak?
J.A.: Egun indar dezente duela esango nuke. Gazte nahiko dabiltza triatloietan. Gainera, gero eta neska gehiago ikusten ditugu, eta hori pozgarria da.
T.B.: Lehen, jendea beste kirol batzuetatik triatloira pasatzen zen. Orain, berriz, Durangaldean ume triatleta asko ditugu.
Seme-alabak Mugarrako Triatloi eskolan dituzue. Ze aholku ematen dizkiezue gaztetxoei?
J.A.: Nik semea daukat Durangoko triatloi eskolan, eta Txelak semea eta alaba. Disfrutatzeko esango nieke.
T.B.: Ondo pasatzea da garrantzitsuena. Pauli, semeari, sarritan esan izan diot hankak lurrean izan behar dituela, eta apurka-apurka aurrera egitea dela garrantzitsuena.
Paul denboraldi honetan maila altua ematen dabil gazte mailan.
T.B.: Egia da, bai. Aurten maila oso ona ematen dabil, eta ikusten da baduela ahalmena. Oso harro nago lortzen dabilenagaz, eta lasterketan bera aurrean ikustea izugarria da.