Antxon Alberdi eta Roberto Lekue berriatuarrek eskarmentu handiko bikotea osatzen dute. Urte asko daramatzate kantxetan, eta Ameriketan jokatutakoak ere badira: Lekue hainbat urtez ibili zen Danian (Florida), eta Alberdik lau hile eman zituen, besteak beste, Orlandon (Florida).
Gazteen bikotea Gotzon Mandiolak eta Jon Ibarluzeak osatzen dute. Biak markinarrak dira. 19 eta 20 urtegaz, zesta-puntako promesetako bi dira. Esperientzia falta adoreagaz eta ausardiagaz orekatzen dute.
Horregatik, Alberdi ez da fidatzen. “Dugun eskarmentuagatik Lekue eta biok gara faborito, baina finaletan, eta gazteen kontra, sekula ez da jakiten zer gertatu daitekeen”, adierazi du. Irabaziz gero, hirugarren txapela jantziko luke. Iaz Txomin Bereziartuak eta biek irabazi zuten.
Finalaren aurretik emakumeen arteko zesta-punta partidua antolatuko dute. Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak eta Izaro Arbe markinarrak osatuko dute bikote bat. Bigarrena mistoa izango da: Eneritz Lizardi mutrikuarrak Amets Lekuberegaz jokatuko du.
Pilotako finalerdiak
Euskal Jaiak egitarauaren barruan, Peter-en oroimenezko esku pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte gaur, 19:30ean, Durangoko pilotalekuan. Irabazleen arteko finala ekainaren 17ko zapatuan jokatuko dute.