Hilargi Macho: “Errekaleorren, nire bizimodua etenik bako ikasketa prozesu bat da”

Markel Onaindia 2017ko eka. 9a, 09:15

2013an Gasteizko Errekaleor  auzoko etxe bat okupatu zuten 10 ikaslek, etxebizitza arazoari irtenbide bat emateko asmoz. Denboragaz, auzoa bera okupatu dute; dagoeneko 150 lagunetik gora bizi dira han. Hilargi Macho Egiarte 21 urteko durangarra da euretako bat.

Sistemari alternatiba bat topatu gura diote, eta bizia antolatzeko proiektu oso bat garatzen dabiltza. Azken egunetan lau haizetara zabaldu da, udalaren aginduz argia kendu dietenean. XX. mende erdialdean sortutako langile auzoa hustu, bota, eta berri bat sortzeko plana onartu zuen udalak 2000n. Orain, herri-ortuak sortu gura dituela dio.

Noiz hasi zinen Errekaleorren bizitzen? Zerk bultzatu zintuen erabaki hori hartzera?
2015eko irailean etorri nintzen hona bizitzera. Gasteizen Lehen Hezkuntzako karrera egin behar nuen, eta ezagun bat hona etortzekoa zen. Proiektua entzuna nuen, eta gogoa neukan parte hartzeko. Aukera ona iruditu zitzaidan teorian irakurritakoa praktikan ipintzeko.

Zelan eragin du zure bizitzan?
Nire bizimodua pilo bat aldatu da. Aurretik, ikasteko tarte bat nuen, beste bat lagunekin egoteko, edo militantziarako. Baina hemen guztia nahasten da. Nire bizimodua zoramen bat da une honetan, baina etenik bako ikasketa prozesu bat ere bai. Neure burua ezagutzeko balio izan dit. Lehen, neure buruari muga batzuk ezartzen nizkion, gizarteak baldintzatutakoak zirenak. Asko emakumearen rolekin lotuak; esaterako, lehen neure burua ez nuen kapaz ikusten lan fisikoak egiteko. Ez nuen imajinatzen leiho bat egin nezakeenik. Gainera, emakume etxe batean bizi naiz, eta jabekuntza pertsonal eta kolektiboa lantzeko aukera eduki dut.

Suposatzen dut guztiok duzuela arduraren bat.
Bai, hona lanera gatoz. Erabaki eta ildo guztiak bilera orokorrean zehazten dira, eta egunerokoan lan-taldeka funtzionatzen dugu: ekonomia, kultura, harremanak, azpiegitura, ortua, okidengia, inprenta, komunikazioa, autodefentsa, energia, hondakinen kudeaketa, kide berrien harrera... Ni harremanen taldean nago, horizontaltasuna, partaidetza eta harreman sanoak sustatzeko dena. Azpiegituran ere banabil.

Errekaleor ez da etxe hutsen okupazio soil bat, ezta?
Sistemari alternatiba bat ematea da gure asmoa. Aniztasun handia dugu eta autogestioa da ardatza. Elikaduran burujabe izateko bidean, ortua eta okindegia dauzkagu, eta oiloak ere izan ditugu orain arte. Kultura askearen alde Gaztetxea, Gizarte Etxea, pilotalekua eta zinema dauzkagu. Kontzertuak, berbaldiak eta klaseak antolatzen ditugu. Feminismoan lanketa bat egiten da; RKmeak deitzen den emakume talde bat dago. Kanpoko jendea ere egon arren, auzo euskalduna da, eta euskara klaseak ematen ditugu. Burujabetza energetikorako, crowfunding bat ipini dugu martxan, 550 eguzki-plaka erosteko balioko duena. Pilotalekuan ipini eta energia etxeetara bidaliko da, baina ahalik eta gutxien, kontsumo koherenteago bat izateko. Elektrizitate gehien kontsumitzen duten gauzak batera egiten saiatuko gara. Auzo berriztagarri bat izatea da gure asmoa.

Hain zuzen, argia kendu zizueten duela aste pare bat. Zelan zabiltzate aurre egiten?
Batez ere, espazioei dagokienez ekarri du aldaketa. Adibidez, otordu denak batera egiten ditugu, eta txandak egiten ditugu janaria batzeko, prestatzeko eta dena garbitzeko. Urtaranen helburua hau suntsitu eta min egitea dela uste dut, baina kontrakoa gertatu da, inoiz baino batuago eta indartsuago gaude.

Zenbat bizilagun zaudete?
150 inguru. Ikasleak, familiak... Euskal Herriko leku guztietatik etorritakoak, Alemaniatik, Argentinatik, Txiletik... Bestalde, okupazio aurreko bizilagun batzuk ere badaude oraindik.

Eredu hori ez al da utopia bat?
Argi dago bide luzea dagoela aurretik, eta ez dela erraza. Baina uste dut ez dagoela ezer ezinezkoa. Errekaleorrek bere horretan ez du mundua eraldatuko, baina gure ingurua Errekaleor edo Sorginola moduko proiektu txikiez betetzen badugu, inork ez gaitu geldituko.

Alkateak dio etxeak arrisku egoeran daudela.
Ez dut nire bizia inoiz arriskuan ikusi; alokairuan egoera prekarioagoan bizi direnak ezagutzen ditut. Gainera, geu gara gure segurtasunaz kezkatzen garen lehenak. Azpiegiturak ahalik eta ondoen mantentzeko, azpiegitura taldea daukagu, arkitektoen txostenei jarraituta lan egiten duena. Urtaranena, interes urbanistiko bat ezkutatzeko arrazoi merke bat da.

Sorginolako okupazioan ere egon zinen. Oraingo gazteak konformistak zaretela diote askok.
Uste dut konformismoa ez dela gazte izaeraren ezaugarri bat. Sorginolak Durangori sekulako eskaintza egiten dio, konformismo horregaz apurtzeko leku bat ematen die gazteei.

22.000 euro batu dituzte jada, energia eguzki plakekin lortzeko

Argindarra moztu ostean, egoerari aurre egiten eta euren filosofian sakontzen dabiltza Errekaleorreko bizilagunak. Hemendik aurrera, eguzki plaken energiagaz bizitzeko ideia dute, eta inbertsioa 100.000 eurokoa izango litzatekeela uste dute. Horregatik, diru-bilketa hasi dute croopfunding.net atarian. Jada 21.000 euro batu dituzte, eta oraindik 44 egun falta dira kanpaina amaitzeko.

Errekaleorreko proiektuak lortutako onarpen sozialaren isla da diru-bilketarena. Zapatuan, milaka lagun eta mugimenduk manifestazio anitza egin zuten. “Oso pozik gaude, erantzun oso indartsua izan delako. Pertsonalki, malkoak ere atera zitzaizkidan”, gogoratu du Hilargi Machok. 150 pertsona ezagunek babes-manifestu bat sinatu dute, eta tartean daude Bernardo Atxaga, Blanca Urgell, Ruper Ordorika,  Karra Elejalde, Juanito Oiarzabal eta Toti Martinez de Lezea.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!