3.000 bisitari baino gehiagogaz itxi dute Picassoren lanen erakusketa

Itsaso Esteban 2017ko eka. 8a, 12:34

Martxoaren 30ean zabaldu zutenetik ekainaren 4an itxi duten arte, 3.000 bisitaritik gora hartu ditu Durangoko Arte eta Historia Museoan izan den Picasso: Durangotik Guernicara erakusketak. Museoko inoizko bisitari kopuru handiena izan da.

 

Datu horiexek jakitera emateko, prentsaurrekoa egin dute Garazi Arrizabalaga Museoaren zuzendariak, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, gaur. Antolatutako ekintzei zein erakusketari dagokionez, bisitariek "balorazio oso positiboa" egin dutela azpimarratu du Irigoras alkateak; 9,5 puntu eman dizkiotela 10etik. Bestalde, Picasso: Durangotik Guernicara erakusketagaz Durangokoa eskualde mailako erreferentziazko kultur gunea izan dela, eta aurrerantzean bide horretatik jarraitu behar lukeela azpimarratu du Durangoko alkateak.

Erakusketari lotuta proposaturiko askotariko ekintzei eta bisita gidatuei herritarrek egindako harrera nabarmendu eta eskertu du Garazi Arrizabalaga Museoko zuzendariak. Azaldu du, 11 bisita gidatu eta familientzako 3 tailer egin dituztela, eta Durangoko 31 ikasle-taldek parte hartu dutela tailerretan. 

Bisitari kopuruez haratago, Picasso: Durangotik Guernicara erakusketaren kalitateari eman dio garrantzia Garazi Arrizabalaga Museoko koordinatzaileak: "Azken hilabeetan Picasso, Miró edo Renau bezalako artisten jatorrizko obrak izan ditugu Durangon".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!