Ikasi zuen musika eskolan aurkeztuko du Julio Veiga pianistak ‘Tempo’ diskoa, bihar

Itsaso Esteban 2017ko eka. 8a, 11:30

Piano ikasketak egin zituen Bartolome Ertzilla musika eskolako oholtzatik jardungo da Julio Veiga musikaria (Durango, 1980), bihar, 20:00etan hasita. Tempo diskoa aurkeztuko du Veigak kontzertu horretan.

Diskoa 2014an kaleratu zuen arren, bihar eskainiko ditu diskoko kanta guztiak lehenengoz zuzenean. “Nire asmoa ez zen diskoa kaleratu eta hiru urtera aurkeztea”, azaldu du musikariak, “baina horrela etorri dira gauzak, eta zenbait arrazoi direla-eta atzeratu egin behar izan dut aurkezpena”.

Bere lehenengo diskoa sortzea duela 20 urtetik eduki duela buruan adierazi du Veigak, eta, beraz, diskoa kaleratu duenetik aurkezpen kontzertura hiru urte igaro izanak ez duela gehiegi arduratzen. “Diskoa atzo atera banu besteko ilusioagaz hartuko dut kontzertua”, dio.

Durangoko musika eskolan hamar urtegaz hasi zen, eta han ikasi zuen 2000. urtean pianoko zortzigarren maila gainditu arte. “Nire formazio musikalaren oinarria han eskuratu nuen”, azpimarratu du. Jesus Egiguren musikari durangarra izan zuen zortzi ikasturte horietan irakasle. “Ilusio handia egiten dit Durangoko musika eskolan aritzeak”, dio gaurko kontzertuaz, “izan ere, han jo nuen azken aldia zortzigarren mailako azterketan izan zen”. Oso eskertuta dago kontzertua antolatzen lagundu dioten guztiei. Gogoan du diskoko azkena den Bagatela 1994 kanta bere bizitzan konposaturiko lehenengo kanta izan zela, eta Jesus Egigurenek kanta hori ikasturte amaiera bateko emanaldian jotzen utzi ziola.  

Inprobisatzaile
Gitarragaz zein pianoagaz inprobisatzea gustatzen zaio Julio Veigari, eta, esan duenez, biharko kontzertua inprobisatuz hasi gura du. “Aurrez egindako lan handia oinarri hartuta, burua libre utziz jardutea gustatzen zait”, dio. Momentuan adierazi gura duenaren arabera, diskoko kantek biharko kontzertuan ere bestelako ukitua edukiko dutela aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!