Askotariko gaiei buruz galdetu diete herritarrei. Proiektu nagusien artean, durangarren %9,4ak trenbide zaharretan esku hartzea komenigarria izango litzatekeela uste du, parke eta gune berde gehiago sortzeak jarraitzen diolarik, elkarrizketatutakoen %4,7agaz. Inkestaren arabera, Gaztetxea eraistearen alde daude 10 herritarretatik 6,6.
Udalerriko arazo nagusienengatik galdetzean, ahaleginak aparkaleku gabeziari irtenbidea aurkitzera zuzendu beharko liratekeela uste dute (%12,9). TAO sistemari buruz, %26,8ak uste du ez dela beharrezkoa.
Bide segurtasuna da herritarrak kezkatzen dituen gai bat. Gehiengo handi batek, %90ak, oinezko edo gidarien hutsegiteagatik edo kontzientziazio faltagatik gertatu diren istripuen inguruan zerbait entzun duela adierazi du. Irtenbide moduan, zebra bideak hobeto argitzeko (%15,1) eta gidarien eta oinezkoen kontzientziazioan sakontzeko (%15) proposatu dute.
Boto-asmoaren inguruan, hauteskundeak orain eginez gero, emaitzak "orain bi urteko berdinak" izango zirela jasotzen du emaitzak azaltzeko bidaliko oharrak. Halaber, politikoen ezagutzari dagokionez, Aitziber Irigoras alkateak 45,89ko kota lortu du, Pilar Rios sozialistak 21,63, EH Bilduko Dani Maeztuk 18,81, Herriaren Eskubidea alderdiko Julian Riosek 7,5 eta PPko Francisco Garatek 6,36.
Orohar, durangarrek Durango bizileku oso ona dela deritze, eta 8,12ko nota jarri diote.
Inkestak otsailaren 27tik martxoaren 2ra egin zituzten telefono deien bidez 700 durangarren artean.