Bizikletarte lehiaketa martxan dago, mugikortasun jasangarria hedatzeko

Markel Onaindia 2017ko eka. 5a, 08:25

Mugikortasun jasangarria izango da artelanetarako gaia.

Bizikletarte lehiaketa martxan ipini du Durangoko Udalak, mugikortasun jasangarria artearen bidez sustatzeko helburuz. Hain zuzen ere, kalean interbentzio artistiko bat lantzea proposatzen dute, jendeari mugikortasun jasangarriagaz lotutako kontzeptuak helarazteko.

Horrela, herritarrek hausnartzea lortu gura dute. Lehiaketan izena emateko azken eguna abuztuaren 31 izango da, eta irailaren 5ean esango dute nork irabazi duen. Gero, irailaren 16tik 22ra bitartean garatuko den Mugikortasun Astean erakutsiko dute interbentzio artistikoa.

Proiektua bakarka edo taldeka aurkeztu ahal da, eta 700 euro egongo dira jokoan. Parte hartu gura dutenek, durangokomugikortasunastea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute.

Durangoko Udaleko ordezkari batek, mugikortasun jasangarriaren alorreko arduradun batek eta gaian aditua den artista batek osatuko dute epaimahaia. Iaz Oihane Amurrio eta Aitziber Escudero bilbotarrei eman zieten saria, kontrastea oinarrian zuen lan bategatik. Aurtengoa laugarren edizioa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!