Sarrionandia: “Udalekuetako hamalau egunetan familia txiki bat osatzen dugu”

Jone Guenetxea 2017ko eka. 2a, 14:00

Berbaroko udalekuetara erabiltzaile legez joango diren azken urtea izango da
Jon Onaindia, Maite Azueta eta Maddi Sarrionandia ikasleentzat. Udalekuetako beteranoak izango dira aurten. Datorren urtean begirale joan gurako lukete.

Noiz joan zineten udalekuetara lehenengoz?
Maddi Sarrionandia: Oso txikitan, ni eta beste lagun bat udalekuetako txikienak ginela gogoratzen dut. 8 urte izango genituen, eta Mendigorriara joan ginen. Hortik aurrera, urtero joan naiz.  
Maite Azueta: Ni urte bi geroago joan nintzen Mendigorriara. Oso txikiak ginela gogoratzen dut.
Jon Onaindia: Ni 6. mailan joan nintzen Mendigorriara, eta harrezkero, urtero joan naiz.

Txikitako urte horiek zelan gogoratzen dituzue?
M.S.: Dena berria zen guretzat. Besteek bazekiten zer zen, baina guk, berriak izanda, ez genekien. Gaubela eta horrelakoak egiten hasi ginen, eta jakin-mina genuen. Hainbeste denbora etxetik kanpo, monitoreak guraso moduan sentitzen genituen.
M.A.: Lagun taldean joan arren, beste pertsona batzuk ez genituen ezagutzen. Gero denon artean ondo konpontzen ginen.
J.O.: Begiraleei maitasun handia hartzen genien.

Udaleku finkoetatik ibiltarietara aldea dago?
M.A: Aldaketa handia izan zen. Leku finko batean egotetik egunero kilometroak egin eta dendagaz aurrera eta atzera ibiltzea aldaketa handia izan zen. Esperientzia oso polita da.
M.A.: Ezagutzen ez dituzun lekuak ezagutzea polita da. Hori bai, nekatuta amaitzen dugu.
J.O.: Aldaketa polita da, eta gauza gehiago egiteko aukera ematen du. Nire ustez, ibiltaria hobeto dago, eta nagusiagoak ere bagara.

Aurten nora zoazte?   
A.B.: Durangotik Etxarri-Aranatzera joango gara, bi asterako.

Udalekuetako beteranoak izango zarete aurten.
M.S.: Urte batetik bestera adin aldaketa igarri egiten da. Mundua ikusteko beste modu bat izaten da. Gure arteko harremana ere aldatu egiten da. Urtez urte hobetu egiten da. Aurten, azkenengo urtea izango da gazte moduan. Hurrengoetan begirale moduan joango gara.
M.A.: Azken urtea izateak pena ematen du. Betiko monitoreekin egoten gara ia urtero, eta pena handia ematen du.
J.O.: Nik, momentuz, ez dut penarik. Argi dut topera aprobetxatzera joango naizela. Amaitzen denean etor daitezela penak.

Udalekuen esperientziatik, zer da gogokoen duzuena?
M.S..: Begiraleen eta gure artean sortzen den giroa. Lehenengo, elkar ezagutzen hasten gara. Egunak elkarregaz egonda, etxera joan eta haien falta sumatzen duzu. Udalekuetako hamalau egunetan familia txiki bat osatzen dugu.
M.A: Hasieran monitoreak hor goian ikusten dituzu, baina beraiekin zaudenean konfiantza hartzen duzu.
J.O: Jendea benetan ezagutzea gustatzen zait gehien. Lagunak ezagutzen dituzula uste duzu, baina ez zaude beraiekin 24 ordu. Baina, egun osoan beraiekin egonda, hobeto ezagutzen dituzu. Eta gauetan egiten diren maltzurkeriak ere gogoko ditut (barrez). Azkenengoan lesionatuta egon nintzenez, kotxez mugitzen nintzen, eta gauetan fresko nengoen txantxak egiteko.

Begirale moduan aritzeko asmorik baduzue ?   
J.O.: Ni ikastaroa egiten nabil, Ibaizabalen. Astuna izango zela uste nuen, baina oso interesgarria da. Gustura joaten naiz. Psikologia, inklusioa eta horrelakoak ikasten ditugu.
M.S.: Guk aurten egin gura genuke ikastaroa.

Udalekuek zer eman dizuete?
J.O.: Jendea ezagutzea. Era berean, esperientzia ona da beldurra eta lotsa kentzeko.
M.A.: Denon artean elkarbizitzen ikasten duzu.
M.S.: Begiraleen eta gure arteko harremana polita da. Gero, urtean zehar Durangon topo egin eta anekdotak gogoratzen ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!