Tangerreko bizipenen argazki liburua kaleratu du Txelu Angoitiak

Itsaso Esteban 2017ko eka. 5a, 11:00

2013. eta 2016. urteen artean Marokoko Tanger hirira egindako bost bidaitan ateratako 90 argazki biltzen dituen liburua kaleratu du Txelu Angoitia argazkilariak (1960, Durango). Tanger Dream izenburua du liburuak, eta egileak hiri hartako bizipenez idatziriko testuak ere jasotzen ditu.

Noctis Photo Books argitaletxeagaz kaleratu du lana Angoitiak, eta laster liburu-dendetan ere eskuragarri egongo den arren, helbide honetara idatzita ere eskatu daiteke: noctisphotobooks@gmail.com.

Jesus Mari Arruabarrena lagunagaz, ikastaro bat jasotzera joan zen Txelu Angoitia Tangerrera lehenengoz. “Maitemindu egin nintzen hiriaz, harrapatu egin ninduen”, dio. “Hango bizimoduak gure umezaroagaz antz handiagoa duelako beharbada, baina, hemen baino gusturago sentitzen nintzen han”.

Hiriaren baitan utzi zuen Angoitiak bere burua bost egonaldietan. Helburu eta epe jakinik barik egiten zituen argazkiak: gosaldu, kalera atera, eta gertatzen zenaren arabera ibiltzen zen. “Egunez, erakartzen ninduten leku guztietara sartzen nintzen, bidean topatzen nuen jendeagaz berba egiten nuen...”, azaldu du. Prozesu osoa asko gozatu duela dio argazkilariak.

Lan fotografikorik gehiena gauez egiten zuen, argazki-kamera txiki bategaz. “Gaiak berak bultzatu ninduen argazkiak gauez egitera”, dio. Izan ere, “gauez egindako argazkiek irrealitate sentsazioa transmititzen dute”, azaldu du Angoitiak, “galtzaileen eta kalezuloetan ezkutuan dabiltzanen istorioak dira”. Kontatu duenez, ametsen eta errealitatearen arteko anbiguotasunari buruz jardun gura zuen. “Bizitzaren dekadentziaz, zapuztutako ametsez... Tangerri buruz irakurri dudanari eta hiri hartan izan dudanari buruzko lana da, ez da Tangerri buruzko argazkigintza dokumentala”.

Gibraltargo itsasarteko hiriari buruzko hainbat nobela izan ditu Angoitiak inspirazio iturri Tanger Dream argazki liburua egiteko:  Bowles, Borroughs edo Chukrirenak, esaterako.

“Bidaiatzea oso bizigarria da niretzat”, dio argazkilari durangarrak. “Hemen oso zaila egiten zait bilatzen dudana topatzea, oso ordenatuta daukagu bizitza; denok janzten gara berdin, berdin ibiltzen gara, denda guztiak berdinak dira...”.

Liburuko 30 argazkiren hautaketa bat Algecirasen dago, ekainaren 16ra arte ikusgai. Andaluziako hiri hartan maiatz hasieran eta Bilbon joan zen astean, liburu berriaren aurkezpenak egin ditu Txelu Angoitiak. Aurreratu duenez, azaroan Elorrioko Iturri kultur etxean ipiniko du erakusketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!