Mahai-ingurua 11:00etan hasiko da San Agustinen, eta bertan, Durangoko Ibilaldian Eragile Moreek eraso sexisten prebentzioan izan zuten esperientzia azalduko dute, besteak beste. Euregaz batera, Iruñeko Las Farrucas taldea egongo da, eta Miren Guillok ikerketa baten berri emango du. 13:00etan Rebeca Lane musikari guatemaldarrak kontzertua eskainiko du, eta 15:00etan bazkarian batuko dira (eguraldi onagaz bi ekitaldiak Santa Anan, txarragaz Andra Marian).
Mahai-ingururako 120 lagunetik gora daude izena emanda. Aurten, Bizkaiko eskoletan, 2.500 emakumetik gora ibili dira. Durangon 380, Abadiñon 105 eta Elorrion 41. Gaur egin dute aurkezpena, eskualdeko arduradun politikoek eta teknikariek.