Saharar herriaren aldeko kontzertua egingo dute, domekan, Plateruenean

Itsaso Esteban 2017ko mai. 29a, 10:38

Ekainaren 4an, 19:30ean, izango da kontzertua, Plateruenean. Durangoko musika eskolan sorturiko Bart Sax! taldeak eta Enekora laukoteak joko dute, elkartasun kontzertu horretan. Bost euroko sarreratik biltzen duten dirua Rio de Oro elkartera bideratuko dute, uda honetan saharar umeekin egingo dituzten ekintzak laguntzeko.

Hamar urte bete ditu Bart Sax! taldeak aurten, eta urteurren hori ospatzeko antolatu dute domekako elkartasun kontzertua. Durangoko musika eskolako saxofonistek osatzen duten big band horrek itxiko du, hain zuzen ere, domekako emanaldia. 70eko hamardakako kanten errepertorioa eskainiko du Bart Sax! taldeak, Plateruenean. Elton Johnen Your Song edo Stevei Wonderren Master Blaster, joko dituzte, esaterako, Itziar Castrillo irakaslearen zuzendaritzapean.

Durangoko musika eskolako saxofonisten aurretik, Enekora talde gipuzkoarra arituko da Platerueneko elkartasun kontzertuan. Koraren melodia goxoen bitartez, Afrikako sustraietatik munduko kulturetara bidaiatzea proposatuko diete emanaldira hurreratzen direnei.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!